Iker Aranburu.
Kutxaren eraldaketa. Batzar orokorra. ANALISIA

Laugarren atala

2014ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Gipuzkoa Donostia Kutxaren desagertzearekin eman zaio amaiera Euskal Herriak aurrezki kutxa propioak izan zituen garaiari. Formula juridikoaren aldaketa soil bat dela diote kutxetako buruek, eta banku fundazio gisa iraungo dutela lehengoa izaten: «izaera soziala» duen finantza erakunde bateko akziodun izango dira, eta haren irabazien zati bat gizarte ekintzaren bidez banatuko dutela.

Gaur egun Kutxabank inguratzen duten polemikekin —etxegabetzeak, IRPHa...— haren izaera sozial horrek ez ditu une goxoak bizi; eta nekez uka daiteke kutxetako batzarren desagerpenarekin haien gaineko kontrol soziala oso lausotua geratu dela. Teorian, patronatukideak beren buruen ordezkari baizik ez dira;praktikan, berriz, litekeena da aurretik alderdi politikoek —batzuek bereziki— kontrolatutako kutxak aurrerantzean alderdi horiek beraiek kontrolatutako fundazioak izatea, eta horren bidez eustea Kutxabanken kontrolari ere.

Noiz arte, ordea? Istorio honen laugarren kapitulua gaurtik aurrera jokatuko da. Amaiera posible bat Mario Fernandez Kutxabankeko buruak aurreratu zuen: urte batzuk barru hiru fundazioak bankuaren %30aren jabe izango dira, eta gainontzekoa beste akziodun batzuek izango dute. Eta gizarte ekintza? Hiru kutxek akzioen %70 salduta lortutako etekinetatik egindako inbertsioek hornituko dute batik bat.

Amaieraren gidoiaren zati bat Espainiako Bankuak idatziko du. Hark zehaztu behar du zer nahi duen banku fundazioetatik. 26/2013 legeak dio banku baten akzioen %30 edo gehiagoren jabe denak finantza plan bat egin behar duela balizko kapital eskasiei erantzuteko; %50etik gora duenak erreserba funts bat sortu behar du. Kutxabanken akzioen %57 dituenez, BBK banku zentralaren zirkular baten zain dago finantza planak eta erreserba-funtsak zer baldintza eta epe dituzten jakiteko. Kutxari ere eragiten dio zirkularrak, bankuaren %32 duenez finantza plana aurkeztera behartuta dagoelako.

Espainiako Bankuak garbiago hitz egiten duenean jakingo dira zeintzuk izango diren hurrengo urratsak. Hiru kutxak akziodun bakartzat edo itunpekotzat joko ditu, ala akziodun indibidualtzat? Bigarren aukerari heldu nahi diote Bilbon, Donostian eta Gasteizen, hartara BBKri soilik eragingo liokeelako erreserba funtsa sortzeko betebeharra; «kostu jasanezin bat», Fernandezen iritziz, irabazi guztiak xurgatuko lituzkeelako. Akzioen %7 salduta, izkin egingo lioke, eta horrek urrunduko luke akzioen gehiengoa atzerriko inbertsoreen esku geratzeko arriskua. Hala balitz, Kutxak bere parte hartzea %32tik %29,99ra jaistea besterik ez luke egin behar finantza plan bat aurkezteko derrigortasuna saihesteko. EAJk proposatu du Gipuzkoako Aldundiak erostea %2 hori; aterik ez dio itxi Xabier Iturbek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.