xabier martin
GEURE KONTU

Loli Garcia jokoz kanpo utzi dute

2017ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Galdera zuzena izan zen: «Euskal ostalaritzaren esparru akordioaren inpugnazioa iragarri dute, CCOOk besteak beste; epaitegira joko duzu?». Erantzuna ere bai: «Hori ere gezurra da. Inpugnazio hori soilik ELAk eta LABek iragarri dute, baina ez da jo auzitara; akordio hori ez da inpugnatuko». (BERRIA, 2017-09-15).

CCOOko idazkari nagusi Loli Garciak EAEko ostalaritzako esparru akordioa ez zutela inpugnatuko esan zion egunkari honi, hori bera egin baino hiru egun lehenago. ELAk eta LABek salatu dute asteon, erabaki hori noiz gauzatu zen zehaztuta: irailaren 18a. Loli Garcia jokoz kanpo utzi dute Madrilgo bere sindikatuko kideek. Baita uztailaz geroztik hango idazkari nagusia Unai Sordo dela ere. CCOOk negoziazio kolektiboaren estatalizazioarekiko estrategia ez du aldatu Sordok, ez oraindik behintzat.

Baina Euskadiko CCOOk BERRIAn esandakoa onartu gabe, Madrilen estatalizazioaren alde hartutako erabakia babestu eta arrazoitzeko saioari ekin dio. «ELA eta LAB ostalaritzako langileei gezurra esaten ari zaie lan baldintzen debaluazioaren inguruan». Zergatik? Madrilen egindako euskal akordioaren inpugnazioak «ez duelako eragiten soldatetan». Loli Garciaren sindikatuak dio ez dagoela estatu mailako ostalaritza itunik aldagai hori arautzen duena, eta ELA eta LAB gezurra esaten ari direla, «argi eta garbi».

Zergatik inpugnazioa, ordea? Erantzunik gabe utzi dute inprimakiaren laukitxo hori. Ez dute azaldu, adibidez, euskal esparru akordioak egin ahal diren herrialdeko itunei lehentasuna emateko tresna direla; hau da, euskal langileei euskal itunak aplika diezaizkien aseguru moduko bat direla; ezta ostalaritzaren moduko sektoreetan oinarrizkoak direla ere, zerbitzuetako enpleguak izaki, haiek betetzen dituzten langileen baldintzak apalak direlako oso. Espainiako itun baten lan baldintzak aplikatuko balitzaizkie, langile askoren erralitate gogorra jasangarria bihurtuko litzateke. Loli Garcia ez da hori gertatuko den beldur, bistan denez.

Baina argia da ELA eta LABen salaketa: soldatak erdira jaitsi daitezke, eta lanaldiak 50 ordu handitu urtean, langile batzuen kasuan. Bi sindikatuen artean sektoreko ordezkaritzaren %77 inguru daukate, baina ordezkaritza horren gainetik pasatu, eta negoziazio kolektiboaren zenbait arlo bereganatzea erabaki dute Madrilen, lan erreforma lagun. Hori baita, finean, estatalizazioa, birzentralizazioaren barruan beste urrats bat, lan harremanen esparruan orain.

Sektore arteko ituna ere bai?

Ostalaritzaren edo beste edozein sektoreren mugak gainditu eta orokortasun batera salto egin lezake estalizazioak? Inpugnazioaren argudio nagusia da euskal esparru akordioa Espainiakoaren ustezko eskuduntzetan sartu dela; hitzarmen horren «eragina eta balio juridikoa defenditzeko erabakia» da inpugnazioa; euskal negoziazio kolektiboaren eragileek akordio batzuk egiteko gaitasun eza nabarmentzen du, beraz. Zein izango litzateke orokortasun baterako salto argiena? Euskal patronal eta sindikatu nagusiek urtarrilaren 16an sinatutako sektore arteko esparru akordioa baliogabetzeko saio bat.

Sindikatu abertzaleek esan dute ez direla fio CEOEren asmoekin; Jaurlaritzak eta Confebaskek babestu eta sinatu duten sektore arteko esparru akordioa ere ez dagoela salbu. Lan harremanak ere estatalizatzeko ekimena badela argi eta garbi erakutsiko luke Espainiako patronal nagusiak auzitara eramateak itun historiko hori, EAEko bere bazkideak eta Jaurlaritzak euskal sindikatu nagusiekin sustatu eta sinatu duten hori. Lakuak ez du ezer esan orain arte ostalaritzaren inpugnazioaren inguruan, baina horrelako eraso baten aurrean bere jarrera argitu beharko luke, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.