Azken 200 urteetan, herrialde independente denetik, ordainketak zortzi aldiz eten ditu Argentinak. Hau da, zortzi aldiz laga ditu nazioarteko zorrak pagatu barik.Azkena, 2001ean: inoizko etendura handiena izan zen, 74.000 milioi eurotik gorako zorra ezin ordainduta geratu baitzen Buenos Aires. Lurrikara ekonomiko haren hondarrek oraindik baldintzatzen dute herrialdeko ekonomia, eta hamabost urteko arazoa konpondu nahi du Mauricio Macri presidente berriak lehenbailehen, agintean ehun egun bete baino lehen. Cristina Fernandezek uko egin zion amore emateari eta funts putreak gehiago gizentzeari; Macrik, nahi zutena eskaini die funts putreei, eta berehala eman diote bostekoa. Baina dena ez dago lotuta, kirchnerismoaren esku dagoen Argentinako Kongresuaren gainean dago orain pilota, eta ez dirudi Macriri eta funts putreei alfonbra gorria erraz-erraz jarriko dionik.
Oposizioa konbentzitzen ahalegindu da asteon Macri kongresuan: «Konfiantza daukat erantzukizuna gailenduko zaiola erretorikari». Baina ez zituen txalo asko entzun. Funts putreekin lortutako ituna «xantaia onartezina» dela esan zuen Axel Kicillof Ekonomia ministro ohiak, eta Andres Larroque diputatu kirchneristak «funts putreen heroia» deitu zion Macriri. Presidenteak zorraren auzia konpontzeko akordioa dauka eskuan, baina kongresuko 72 eserlekuetatik hamabost baino ez ditu bere eskuineko aliantzarenak. Kongresuaren onarpenik barik, alferrekoa da ituna. Putreak alde ditu, matematikak kontra.
Baina zelan iritsi dira funts putreak Argentinari horrenbesteko presio egitera? Komeni da atzera begiratzea une batez. Buenos Airesek zorra berregituratzeko proposamenak egin zituen 2005ean eta 2010ean, Nestor Kirchner eta Cristina Fernandez senar-emazteen agintaldietan, eta hartzekodunen %93k onartu egin zuten tratua. %65en galerak euren gain hartu zituzten. Funts putreek tratua onartu ez zuten %7 horietako batzuei erosi zieten zorra, eta gero osorik kobratzeko erreklamatu zioten Argentinari. Ezezkoa jasota, AEBetako Justiziara jo zuten babes eske. Eta lortu zuten. 2014an, Thomas Griesa epaileak arrazoi eman zien, eta Argentinari nazioarteko zor merkatuetara sartzeko ateak itxi zizkion.
Biraketa Argentinan, eta Latinoamerikan?
Funts putreak dezente loditu dira hamabost urtean, interesak pilatuz joan baitira urtez urte. Orain, zor osoaren %25eko kita eskaini die Macrik, eta onartu egin dute. Kongresuak onartuz gero, sekulako dirutza poltsikoratuko dute. Argentinako bonuak prezio nominalean erosi bazituzten, Bracebridge funtsak %952ko irabazia izango luke, Aurelius funtsak %254koa, eta Paul Singer magnate estatubatuarrak %369koa. Argentinako zor bonua etenaldi prezioan erosi bazuten —%30 merkeago—, handiagoa litzateke errentagarritasuna: %3.183, %846 eta %1.308, hurrenez hurren. Buenos Airesek 4.200 milioi euro pagatuko dizkie Macriren eskaintza onartu duten lau funts putre handienei.
Kichnerismoa ez dago hori ametitzeko prest, ordea. Are gutxiago, Macrik egin duen ziaboga ekonomikoren ostean: lehen bi hiletan %56 garestitu da pesoaren balioa, soldaten eta pentsioen balio erreala %10 inguru jaitsi da, argindar faktura %700 garestituko da Buenos Airesen, 20.000 funtzionario kaleratu ditu...
Langabezia eta pobrezia nabarmen jaitsi dituen kirchnerismoaren eredu protekzionista eta estatalista atzean utzi, eta atzerriko inbertsioetan eta liberalizazioan sakontzea da Macriren helburua. Eta berehala hasi da puzzlea aldatzen, pieza zailak izan arren tartean: %5,8ko defizita eta %30eko inflazioa, besteak beste. Luze gabe, gakoetako bat izango da egiaztatzea Argentinak eskuinera egindako biratze kasu bakana den ala Latinoamerika mailako joera den. Brasil, Venezuela eta Bolivian sumatzen da zer edo zer.

GEURE KONTU
Mauricio Macri, «putreen heroia»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu