Jon Fernandez.
GEURE KONTU

Olatuak Londrestik eta Bruselatik

2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urte amaieraren moilan, euskal arrantzaleak bi olatu handiren peskizan daude urte berriari begira. Bi kezka dakarzkie 2019ak, eta ez dira, preseski, aste honetan Bruselan banatu dituzten arrantza kuotak —albiste onak, berdelaren %20ko murrizketa kenduta—. Itsasotik baino gehiago, lehorretik datoz ziurgabetasun olatuak. Iparraldetik dator lehenengoa, Londrestik, eta ipar-ekialdetik bestea, Bruselatik.

Jakin arren martxoaren 29an haustura gertatzekoa dela Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren artean, oraindik argitzeko dago brexit-a gogorra ala biguna izango den, itunduna ala gabea, eta, gaur-gaurkoz, zalantzan dago dibortzioa gertatuko den ere. Euskal arrantza sektoreak ohartarazi du hausturak «bizikidetza» arazoak sor ditzakeela itsasoan.

Itunik gabeko brexit gogor batekin, Londresek eskumena izan dezake EBko arrantzontziak botatzeko bere uretatik, eta horrek, zuzeneko kalteak baino gehiago, zeharkakoak eragingo lizkioke euskal ontzidiari. Sole Handian eta Mantxako kanaleandabiltzan arrantzontzi asko, Espainiako eta Frantziako banderadunak —bakarrik Espainiakoak 92 dira, gehienak galiziarrak—, Bizkaiko golkora joan beharko lirateke arrantza egitera, Frantziako uretara. Desplazamendu handi horren ondorioz, «bizikidetza arazoak» sortuko lirateke Bizkaiko golkoan, euskal marinelen ohiko arrantzatokian: itsasontzi gehiegi aldi berean toki berean. Gainera, arrantza teknika ezberdinak erabiltzen dituztenez —tretzaontziak eta arrasteontziak—, enbarazu handiagoa egingo liokete elkarri.

Brexit-aren ituna lortzen badute, 2020ko abenduaren 31ra bitarteko trantsizioa egongo da, eta epe horretan adostu beharko lukete arrantzari buruzko akordio bat. Itunik ez badago martxoaren 29rako, EBko arrantzaleak datorren apirilaren 1ean bertan gera daitezke ur britainiarretara sartu ezinda.

Trantsizioaren erritmoa

Beste olatu handiaren eragina urtarrilaren 1ean bertan hasiko dira igartzen arrantzaleak. Debekatuta geratuko da arrain erreusak, balio ez dutenak, itsasora botatzea; arrantzatutako espezie guztiak sailkatu eta ekarri beharko dituzte portura. Bruselak kontrolatu egin nahi du zenbat arrain baztertzen den itsasoan, eta zenbaterainokoa den marinelek eragindako arrainen heriotza tasa.

Alabaina, sektorea kezkatuta dago, arrain bazterketaren debekuak nabarmen txikitu dezakeelako errentagarritasun ekonomikoa. Nagusiki, sarean batutako hiru arrain mota botatzen dituzte itsasora: txikiegiak direnak, kuotarik ez daukaten espezieetakoak edo kuota jada gainditutakoak, eta ekonomikoki errentagarriak ez diren arrainak.

Aurrerantzean, itsasontzian lana hartu beharko dute arrain guztia sailkatzeko, eta gorde egin behar dute arrain erreusa ere; ondorioz, beste harrapaketetarako tokia galduko dute. Gainera, porturatutako arrain erreusa ezingo dute saldu giza kontsumorako, eta galera ekonomikoaren beldur dira sektorean.

Nagusiki arrasteontziei eragingo die neurriak, ez delako batere arrantza selektiboa. Gainera, porrot bat izan dute debekua hasi baino lehen. Azti-Tecnaliaren laguntzaz, sare berri bat probatzen ibili dira, sare begiak 100 mm-ra handituta arrain txikien bazterketa handiena itsaspean bertan egiteko. Baina esperimentuak ez du fruiturik eman: sare berriek ihes egiten uzten die arrain erreus askori, baina baita harrapatu nahi dituztenei ere.

EBk arrantza jasangarrirako trantsizioan kokatu ditu bazterketen debekua eta kuota murrizketak, iritzita arrantza teknika selektiboagoak sustatuko dituela. Sinesgogorrak dira arrantzaleak, eta uste dute EB azkarregi eta gehiegi estutzen ari dela; aldiz, zientzialariek kritikatu dute motelegi eta anbizio barik ari dela. Trantsizioaren faktura dago jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.