BAKARRIZKETA

Petroa, Maduroren diru berria

EFE.
Irune Lasa.
2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«XXI. mendea iritsi da!», esan zien venezuelarrei Nicolas Maduro presidenteak, joan den asteko Los Domingos Con Maduro telebista saioan.

1 XXI. mendea iritsi da, eta gu oraindik jabetu gabe. Ea, bada, zergatik esan du hori Madurok? Venezuelak kriptodiru bat izango duela iragarri du: petroa.

2 Kripto zer? Kriptodirua, diru digitala. Diru arruntak bezala, kriptodiruak zerbitzu, ondasun, balio eta halakoen trukerako, transakzioetarako, bitarteko bat dira. Hori bai, kriptografia da diru horiekin egindako transakzioak, diru horien unitate berrien sorrera eta operazio guztien gainbegirada egiteko oinarria. Kriptografia oinarri duen Blockchain teknologia, zehatzago esateko. Bitcoina da kriptodiru ezagunena.

3 A, bai! Hori ezaguna egiten zait. Dirutza balio du bitcoin batek, ezta? Moda-modan dagoela esan daiteke. Nahiz eta aditu askorentzat laster eztanda egingo duen burbuila izan, bitcoin batek gaur egun 15.000 dolarretik gora balio du. Eta Venezuela da Bitcoina gehien maite duen herrialdeetako bat.

4 Eta hori? Bitcoin berriak jaulkitzen dituen banku zentralik ez du Bitcoinek. Sistemak behar dituen kriptografia lan batzuren truke, meatzari deitutakoek ordaina jasotzen dute, eta horrela sortzen dira bitcoin berriak. Lanketa horretarako software berezieta ordenagailuak behar dira. Eta argindarra. Argindar mordoa behar izaten dute meatzariek. Eta Venezuelan argindarra, hain zuzen, merkea da.

5 Ez beste gauza batzuk bezala. Horrexegatik, Venezuela hiperinflazioa pairatzen ari delako ere, Bitcoinak herrialdean duen arrakasta. Egiazko dirua, bolivarra, amildu egin da dolarraren aldean.

6 Orduan, horregatik behar du Madurok kriptodiru bat?Default-a egiteko arriskuan dago Venezuela. Aditu zenbaiten arabera, 125.000 milioi euroren zorra du. Horri gehitu behar zaio AEBek ezarritako zigorrek finantzaketa zaildu egiten diotela. Petroarekin, Maduroren arabera, Venezuelak «subiranotasun monetarioa irabaziko luke», herrialdearentzat errazagoa izango litzateke finantza blokeoari aurre egitea, eta baita nazioarteko finantzaketa lortzea ere.

7 Hori bai abilezia, kriptodirua sortu, eta kito, bukatu dira arazo guztiak? Herrialdearen zorra eta ezegonkortasun politikoa ikusita, gutxieneko segurtasun bat eskaini beharko luke Nicolas Madurok petroa sortzeko. Eta zer eskain dezake gaur egun Venezuelak? Madurok azaldu duenez, petrolio, urre, gas eta diamante «erreserba egiaztatuak» izango lirateke petroaren sostengua.

8 Sostengua, Madurok berak ere sostengu gehiago eskertuko luke. Petroa sortuko balu, Venezuela kriptodiru propioa jaulkitzen duen lehen herrialdea litzateke. Baina, bai, oposizioak uste du kriptodiruarena pailazokeria bat dela. Beharbada, horrexegatik, ahalik eta babes gehiena lortu nahian, Madurok azaldu du bere ideiak Hugo Chavez presidente zenaren burutapen batean duela jatorria. Aste honetan bideo bat erakutsi du presidenteak: Chavez agertzen da, eredu gisa petrolioa izango lukeen petroa izeneko diru baten sorreraz hitz egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.