Iker Aranburu.

Thriller politikotik bazkalosteko telefilmera

2024ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun

Agonia. Umiliazioa. Esperpentua. Ikuskizuna... Hedabideek karga handiko hitzak erabili dituzte asteazkenean Espainiako Gorteetan bizi izan zena deskribatzeko. Bakar bat ez dute erabili: sorpresa. Ez baita ustekabe handia izan hamabosgarren legealdia zalapartarekin hastea, gidoigile maltzurrenak ere asmatuko ez zukeen osaketa gaiztoa baitu Espainiako Kongresuak. Hamabi taldek daukate ordezkaritza, bi multzo nagusitan banatuta: batetik, muturreko eskuina eta eskuin muturra daude, eta, bestetik, hura ez izatea besterik batzen ez duen familia ugaria eta disfuntzionala.

Familia horretako ahaide nagusiek lortu zuten senideak mahai baten bueltan biltzea eta gobernua osatzea; funtsean, ez zutelako beste aukerarik. Baina familiako kideen arteko ezinikusi pertsonalak eta elkarrengandik bereizteko beharra thriller politiko baterako osagai perfektuak ziren. Lehen atalak ez ditu ikusleak hotz utzi: milioika herritarren diruak jokoan zeudela, hitz gordinak, mahai azpiko negoziazioak, maitale ohi baten labankada (Podemosek Sumarri), eta, azken unean, gidoiaren ustekabeko aldaketa bat (Juntsen botoa). Tentsioa are gehiago handitzeko, ez zen falta izan bozketan huts egin zuen diputatua ere; 2024ko Alberto Casero saria eskuratzeko prest. 

Baina ikusteko dago Kongresuko dramaren hurrengo atalak gai ote diren lehen eguneko zirrarari eusteko. Asteazkeneko atalak estres handia eragin zien aktoreei, eta bereziki gobernuari, bere ahultasuna oso agerikoa izan baitzen. Gainera, ezin zaio tentsio horri eutsi ikusleak erabat gogaitu gabe. Ongi baitaude thrillerrak, baina modu eraginkor batean gobernatzeak agian antza handiagoa dauka igande arratsaldetako telefilmekin, pantailan gertatzera doana erraz asmatu daitekeen horiekin.

Metodo aldaketa

Asteazkeneko saioa ohar ozen bat izan da Pedro Sanchezentzat. Mito nagusi bat sortu da presidentearen inguruan: beti zutik erortzen dela. Baina dekretuen bozketak erakutsi beharko lioke denak muga bat baduela, bere kapital politikoa (eta zortea) noizbait agortuko zaiola, eta ezin diola orain arteko jokaerari eutsi. Hau da, gutxi negoziatutako testuak nahas-mahas aurkezteari, eta aliatuak ezinezko hautaketa baten aurrean uzteari.

Aurreko legealdiko bozketa gehienetan funtzionatu zion —txiripaz lan erreforman—, eta bozketa gutxitxo galdu zituen, baina parlamentuko aritmetika aldatu egin da. Aurreko legealdiko bazkide nagusiei eusten die: ERC, EH Bildu eta EAJ. Ikusita gobernua zein ahula den, baliteke legealdi honetan gehiago estutzea, baina, oro har, beren burua kontrolatuko dute, eskuina boterera itzultzeko presarik ez daukatelako.

Daukan panoramarekin, aukera bakarra du Sanchezen gobernuak iraun nahi badu: legeak su txikian egostea, eta beharrezkoak dituen ateak jo ondoren. Emaitza apaleko legealdi bat izateko formula.

Baina, orain, haien botoekin ez da nahikoa, eta gobernuaren egonkortasunari baino, beren interesak hobesten dituzten beste bi alderdi ezinbestekoak dira: Junts per Catalunya (JxC) eta Podemos. Haien jarrera zilegi da, noski, eta, gainera, katalanen kasuan, ezin daiteke esan ezkutatu dutenik. «Hemen Kataluniaren alde egiteko gaude, ez zuen edo erresumaren alde egiteko», gogorarazi die Miriam Nogueras JxCeko bozeramaileak. Azken unean gobernuarekin ituna egiteak erakusten du jokorako daudela, baina beren arauekin. 

Antzekoa esan daiteke Podemosi buruz. Aurreko legealdian, gobernuan zegoela erakutsi zuten pragmatismoa tantaka erabiliko du legealdi honetan, bere helburu nagusia beste bat baita: alderdiak irautea. Eta horretarako bidea da benetako ezkerraren bandera astintzea, eta, bidenabar, Sumarrena zikintzea.

Daukan panoramarekin, aukera bakarra du Sanchezen gobernuak iraun nahi badu: legeak su txikian egostea, presarik gabe, eta beharrezkoak dituen ateak jo ondoren. Dekretuak alboratzea eta lege proiektuak lantzea. Thrillerra telefilmarekin ordezkatzea. Egonkortasunerako formula agian, baina baita emaitza apaleko legealdi bat izatekoa ere. Testuetako koma guztiak familia osoarekin negoziatu behar direnean, ez gauza ikusgarririk espero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.