ANALISIA. ENERGIA. Petrolioaren ekuazio arriskutsua

joxerra senar
2006ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Brent petrolio upelak 72 dolarrak gainditu ditu lehen aldiz, eta marka historikoak bata bestearen atzetik lortu ditu egun bat bai, eta bestea ere bai. Prezioen igoeraren atzean, Estatu Batuek Irani airez erasotzeko arriskua dagoela errepikatu dute komunikabideek. Eta hala da. Gerraren aukera aipatze hutsak urduritasun handia sortu du petrolio merkatuetan. Badute zer kezkatu. Iran munduko laugarren petrolio ekoizlea da, eta Saudi Arabiaren ostean, petrolio erreserba handienak ditu (baita bigarren gas erreserba handienak ere). Altxor preziatua petrolio egarri diren AEB ahalguztidunarentzat, baina bi gehi bi zenbatu besterik ez dago Iranen iturria itxiz gero, petrolio eskasiak merkatuetan eragingo lituzkeen ondorioak antzemateko.

Izua ekuazioaren osagaietako bat da.Petrolioaren prezioaren ekuazioa konplexua bezain arriskutsua delako. Edozein gertakarik sortzen du beldurra: iraganean Saudi Arabiako atentaturen batek, Norvegiako sektoreko langileen grebak, Nigeriako gerrillaren ekintzek, Katrina urakanak..., eta orain gerra hotsek. Baina zergatik hainbeste izu?

Eskariaren eta eskaintzaren arteko lege zaharra sartzen da hemen jokoan. Munduan petrolio industria ia dena emanda lanean ari delako. Eta, jakina, geroz eta petrolio gehiago kontsumitzen denez munduan, produkzioaren eta kontsumoaren arteko tartea gero eta estuagoa da. Uneotan Saudi Arabiak baino ez du omen du produkzioa nabarmen handitzeko marjina. Hortaz, tarte hori are gehiago estutu etaeskasia sor dezakeen edozein gertakarik,edo zurrumurruk,sortzen du beldur hori.

Ekuazioaren puntu honetara iritsita, industriak iritzi publikoaren aurrean nekez onartubaina kontuan hartu behar diren arrazoiak aipatzea soberan ez. Bapo gizendu dira konpainien etekinak azken bi urteetan. AEBetako Senatuko txosten batek (Ron Wyden) 2001ean ondorioztatu zuenez, konpainiek duela hamarkadabat erabaki zuten petrolio findegietan gutxiago inbertituko zutela, garaiko gainprodukzioarekin amaitu eta prezioak gorantz bultzatzeko.

Duela hiru urte, inork ekonomista bati galdetuko balio petrolioa noraino iritsi eta bi urtez batez besteko prezioa 55 dolarretik gora egongo zela, dar-dar batean jarriko zen, ziurrenik. Baina, oraingoz, ez da hondamendirik gertatu. Eta hori tentazio handia da ekoizleentzat. Izan ere, munduko ekonomiak eta ondorioz petrolio kontsumoak aurrera segitzen badu, zergatik ez prezio garestiagoan?

Ekuazioa industriaren premisa batean oinarritzen da. Sektoreko erakunde ofizialek (IEA, LPEE, BP konpainia) diote kontsumoari eusteko oraindik 25 urteko marjin zabala eta lasaia duela munduak. Baina zer gertatuko litzateke premisa horrek hutsegin eta sektoreak onartutakoa baino erreserba gutxiago balitu? Hori defendatzen du Peakoil teoriak:2010 aldera hasiko dela eskasia. Ekuazioak norantz egingo duen nekez frogatu daiteke hemendik, baina Peakoil hipotesiak badu funtsa. Industriari bizia doakio gezurra esaten: erreserbak txikiagoak balira, burtsan hondoratuko lirateke. Baina adierazgarria bada talde handiok irabaziak petrolio gehiagoren bilaketan inbertitu beharrean, akziodunen artean banatzea. Kontu bat da gutxiago inbertitzea gehiago irabazteko, eta bestea urrezko arrautza akabatu nahi izatea.

Eta ekuazioaren azken faktorea ezin ahaztu: espekulatzaileak. Azken biurteetan, interes tasak merke egon diramunduko hiru herrialde nagusietan: Japonian (%0), AEBetan (%1) eta Eurogunean (%2). Likidezia poltsa itzela sortuda eta hori espekulaziorako erabili da. Munduko kapital handiek, beti errentagarritasun handienaren bila,burtsa, bono eta diru merkatuetatik beste merkatuetara ere jauzi egin dute. Petrolioa da horietako bat, baina ez bakarra. Urrea, zilarra, kobrea, zink, aluminioa...

Ez dute bata bestearekin zerikusirik baina inoiz ez dira hainbeste lehengai batera hain garesti egon. Eta guztietan esku hartzen du espekulazioak. Horregatik da arriskutsua ekuazio hau. Petrolio eskasiari, espekulazio arduragabea gehitzen zaiolako. Eta hori dolarraren ahulezia edo munduko hainbat eskualdeetan barreiatua dagoen etxebizitzen burbuila erantsi gabe. Mundua oreka hauskor batek sostengatzen duen irudipena dut batzuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.