Astebete asko da politikan, eta eternitate bat Greziako krisian. Duela astebete harro zeuden greziarrak, beldurrak uxatu eta austeritateari ezetz esan zioten, oso ozen. ‘Oxi’ hori desafio bat izan zen Euroguneko agintariei, eta desafioak irabazi eta galdu egiten dira. Astebete beranduago, lehen harrotasuna zena orain umiliazioa da.
Hamaika milioi greziarrekin egindako apustua irabazi zuen Tsiprasek, baina hemezortzi liderrekin egindakoa galdu egin du. Austeritateari aurre egiteko gobernua sortu zuen, eta austeritate are gogorragoa ia eztabaidarik gabe indarrean jartzeko eskatuko die orain bere diputatuei. Eta antza aurki izango diren hauteskundeak irabazi eta lehen ministro izaten jarraitzen badu, austeritatea eta erreforma neoliberalak ardatz izango dituen gobernua gidatuko du, troikaren hatsa inoiz baino gertuago duela.
Trukean, Greziaren zor ikaragarria berriro negoziatzeko promesa bat lortu du. Ez diote zorra barkatuko —verboten dagoela oroitarazi dio Angela Merkelek—, baina haren zama arintzeko moduak badaude, ordaintzeko epea luzatuta eta interesak jaitsita.
Ez dirudi emaitza ona bost hilabete eta erdi iraun duen erretorika hanpatuko eta akusazio gogorreko negoziazio baterako. Orduan, zergatik egin du? Aukera txar baten eta agian are okerragoa izan zitekeen baten aurrean lehena aukeratu duelako. Euroa agian ideia txarra izan zen —ekonomikoki, ez politikoki—, baina hura hausteak izua eragiten du.
Funtsean, karta txarrekin ari zen jokatzen Tsipras. Bere gobernua da diru beharra duena, bere ekonomia dago txikituta, bere gizartea pobretuta eta nekatuta. Eta horrelako egoeretan irabaztea ez da erraza. Davidek Goliati irabazten dion istorioak maite ditugu baina, onar dezagun, normalean Goliatek irabazten du.
Baina irabazten ere jakin egin behar da, eta kasu honetan euroguneak ez du jakin izan. Greziako oraingo krisiak Europako Batasunaren aurpegirik okerrena erakutsi du: mesfidantza, zatiketa eta interes partikularren garaipena. Alemaniaren kasuan, adjektibo horiei mendekua eta umiliatzeko gogoa batzea ez da urrunegi joatea. Duela zazpi urte krisia hasi zenetik Alemania EBko indar faktiko gisa nagusitu da, bere botere ekonomikoaren eskutik. Posizio horretan jakin du behar zuenean amore ematen —EBZren politikarekin, esaterako—, helburu goren bat zuelako: euroa salbatzea aurrekontuetako diziplina ezarrita. Baina azken asteburuan eman duen irudia ikaskide ahula zapaldu nahi zuen harroxkoarena izan da, ikaskide batzuen txaloen artean (Herbehereak, Finlandia, Eslovakia...). Ikusiko dugu hurrengo hilabete eta urteetan zer gertatuko den, baina Greziako krisiaren balizko konponbidea ez da aurrekari ona Europa sozialago, demokratikoagoa eta solidarioagoa nahi dutenentzat.
Eta ikusiko dugu merkatuek nola ulertzen duten orain eurogunearen izaera. Grezia eurotik kanpo ateratzeko gogoa zuelako edo kate estuan lotu nahi zuelako, kontua da Wolfgang Schaeuble Alemaniako Finantza ministroak tabu bat hautsi zuela, eurogunea puskatzeko aukera zabaldu baitzuen. Greziak aldi baterako eurotik irtetea zen proposamena, baina behin aterata ezerk ez zuen ziurtatzen itzuliko zela. Eta euroaren krisiak zerbait erakutsi badu da profeziek beren burua betetzeko joera dutela. Orain merkatuek badakite, euroa ez da zertan betirako. Kontuz, beraz.