Atzoko zenbaki saltsarekin gauza bakarrak dirudi ziurra: aurten, aurreikuspenetan ez dute halako hutsegiterik egingo. Iazkoa ez baita normala. Urrian esan zuten aurten zergen bidez %5,6 gehiago bilduko zutela, eta azkenean %19 gutxiago jasoko dute. Ia 3.200 milioi euroko aldea! Egia da kalkulua egin behar zuten garaian, 2008ko irailean eta urrian, finantza mundua azken 50 urteotako zartakorik handiena jasotzen ari zela, eta sistema osoa porrot egiteko zorian izan zela. Baina zerga bilketaren igoera iragartzea halako ekaitza gainera zetorrenean ez zen oso-oso zuhurra izan.
Baina hutsegiteetatik ikasi egiten da, eta orain, bai, tentuz jokatu dute Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek. 2010ean aurten baino %9,5 gehiago biltzea espero dute. Hau da, hondamendian galdutako erdia berreskuratzearekin konforme daudela. Ez legoke gaizki, arreikuspen guztiak esaten ari baitira 2010ean ekonomiak behera eta langabeziak gora egingo dutela.
Gauzak gehiago okertzen ari direnean diru gehiago biltzeko errezeta herritarren patriketan sakonago arakatzea da: 948 milioi gehiago espero dituzte, eta horietatik 647 milioi balio erantsiaren zergari dagozkio. Hau da, zerga sistema progresiboagoa izateko hurrengo hondamendira arte itxaron beharko dela.
Deigarria da gai horren inguruan aldundiek izan duten jarrera: inork ez du BEZaren igoeraren alde egin, nahiz eta hori baliatuko duten gero kutxa betetzeko. Aho txikiarekin izan bada ere,kritikatu egin dute: «Errenta txikienei egingo die kalte, guztioi eragiten digun zerga baita», esan zuen Jose Luis Cimiano Arabako Ogasun diputatuak, irailaren 29an. Baina jendaurrean edo bilera itxietan esandakoa ez da beti berdina izaten, Pello Gonzalez Gipuzkoako Ogasun diputatuak elkarrizketa batean aitortu zuen gisan. Arrazoia? «Inork ez du gustuko ez den erabakirik hartu nahi». Bestela esanda, hobe da gustukoak ez diren erabakiak beste batek hartzen baditu.
ANALISIA. ZERGAK. FINANTZEN EUSKAL KONTSEILUAREN BILERA. Aurten, zuhurrago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu