Nikos Anastasiadis Zipreko presidenteak ziurtatu du ez dutela "esperimenturik" egingo herrialdearen etorkizunarekin. Herritarrak lasaitzeko mezua ere igorri du: "Tragediak tragedia, egoerari eutsi diogu".
Atzo berriro ere Zipren bankuak ireki ondoren heldu dira Anastasiadisen adierazpenak. Kapital kontrola hilabetez luzatuko da herrialdean, atzo Ioannis Kasoulides Zipreko Kanpo Harremanetarako ministroak azaldu zuenez. Gobernuak espero du kapital kontrolarekin hilabeteko epean amaitzea; mugak "pixkanaka" kentzen joango direla gaineratu zuen. "Ziurrenik hilabeteko epean guztiz ezabatuko dira", esan zuen. Hasiera batean, muga horiek astebeterako ziren.
Ia bi astez bankuak itxi eduki ostean, atzo ireki zituzten ateak. Bulego batzuetan sartzeko ordena mantentzeko ilarak osatu zituzten, bulegoen funtzionamendu egokia bermatu ahal izateko. Laiki Bank-eko bulegoetan pilatu zen jende gehien; banku hori, irlako bigarren bankua, desegin eta banku on bat eta txar bihurtuko dute, hain justu. Bankuetako langileak goizetik izan ziren euren lanpostuetan, eta ateak ireki aurretik gobernuak jarritako mugen gaineko azalpenak jaso zituzten.
Egunean, gehienez, 300 euro atera ahal izango dira kontuetatik; ezingo da txekeen ordaina dirutan jaso, baina kontuan sartu ahal izango dira. Kreditu txartel bidezko ordainketek ez dute mugarik izango Zipre barruan, baina atzerrian 5.000 euroren muga izango dute. Ezingo dira dirutan edo transakzio bidez Zipretik 3.000 euro baino gehiago atera.
Greziako Ethnos egunkariak argitaratu duenez, Cyprus Bank-ek, Laiki Bank-ek eta Helenikoak azken bost urteetan maileguak barkatu zizkieten hainbat enpresaburu eta politikariri.