GAZTAGINTZA. IDIAZABAL GAZTA

Anitz esnetako gazta?

Gaztagile nagusiek, produkzioa handitze aldera latxa baino ardi arraza emankorragoak sartu ahal izateko, Idiazabal jatorri izenaren egungo arauak aldatu nahi dituztela salatu du Arautze Batzordeak

ION URZAIZ
IRUÑEA
2004ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Idiazabal da euskal gaztarik famatuena. Hego Euskal Herri osoan ekoizten den bakarra da, baina, sorlekuaz gain, hainbat ezaugarri berezi ditu. Hala, Idiazabal jatorri izena daukan gaztak zapore, itxura, kolore eta usain jakin bat izan behar du, eta zenbait baldintza bete behar ditu label preziatua eskuratzeko. Baldintza nagusietako batek ardiei egiten die erreferentzia, latxa arrazak edo karrantzarrak soilik ematen baitute Idiazabal gazta egiteko beharrezkoa den esnea.

Euskal ardiak dira biak, bertako mendietara egokituak, eta egoera klimatologiko txarrei aurre egiteko prest. Badute, alta, akats bat: esne gutxi ematen omen dute. Puntu horretan hasten dira, hain zuzen, euskal gaztaren arazoak. Idiazabal Jatorri Izenaren Batzorde Arautzailearen esanetan, gaztagile nagusiek ekoizpena handitu nahi dute, eta kanpoko ardi arrazak sartu ahal izateko presioa egiten ari dira. Izan ere, kanpoko ardiak ukuiluan bizi dira, gobernatzeko errazagoak dira, eta esne gehiago ematen dute. Idiazabalgo Batzorde Arautzaileak garbi dauzka gazta egiteko bete behar diren oinarriak, eta gogor ari da lanean, artzain gaztaren bermea desagertu ez dadin.

Saltzaileentzakomokadu fina

«Presio ekonomiko gogorrak jasaten ditugu aspalditik», dio Jabiertxo Martiarenak, Idiazabal Jatorri Izeneko Batzorde Arautzaileko presidente ohiak. «Saltzaileentzako oso mokadu fina da Idiazabal gazta, eta euliak bezala hasi dira hurbiltzen. Industriak geroz eta gehiago, eta geroz eta merkeago ekoiztu nahi du, eta hori gure printzipioen aurka doa», azpimarratu du lehendakari ohiak.

Jabiertxo Martiarenarekin bat dator haren ordez Idiazabal Jatorri Izeneko lehendakari izendatu berri duten Jose Mari Ustarroz ere. Jon Huitzi, EHNE Nafarroa sindikatuko bozeramailearen ustez, gaztandegi handiek «etekin ekonomikoak bakarrik» bilatzen dituzte. «Idiazabalen, gaztandegi handien esku enpresaburu bakarra dago, Joaquin Aldanondo. Honen interesa argi eta garbi dago: Idiazabalek duen izen onaz baliatuz, ahalik eta gazta gehien saltzea, jatorri izenaren oinarriak kontutan izan gabe», salatu du nekazarien sindikatuko ordezkariak.

«Auzi korapilatsuansartu zarete»

Aldanondo Gaztak izeneko enpresa banatzaileak hainbat gaztandegi kontrolatzen ditu eta, horien artean, Araia gazta-fabrika arabarra. Bertara deitu zuen Berria-k, haien iritzia plazaratzeko. «Auzi korapilatsuan sartu zarete, eta giharrean ukitu duzue. Zuen galderak ez dira politikoki zuzenak», aipatu zuten Araiako arduradunek, eta galderak erantzuteke utzi zituen.

UAGN sindikatu nafarra ardi berriak sartzearen alde dagoen erakundeetako bat da, baina Idiazabalen kasuan «inolako eskaririk ez» dagoela azpimarratu zuen bertako idazkari nagusi Angel Eraulek: «Idiazabalgo abeltzainek ez dute oraingoz ezer esan. Nik uste dut jatorri izen horrek merkatu esparru zabala duela, eta ez duela arraza berrien beharrik. Hala ere, merkatua zabaltzeko eskaera balego, ardi berriak sartzea bultzatuko genuke, UAGN sindikatuan abeltzainen mesedetan lan egiten dugulako».

Latxa ardia arriskuan

Latxa ardiaren alde lanean ari direnek beste arraza emankorragoak sartzeak eragingo lituzken arazoak azpimarratu dituzte. Hala, ardiaren desagertzea da artzainak, Batzorde Arautzaileko kideak eta nekazarien sindikatuak gehien kezkatzen dituena, baina badaude beste arazoak ere. «Idiazabalek dituen oinarriak argiak dira: bertako arrazak erabiltzea, gazta bertan egina izatea eta inguruneari lotua egotea. Giza faktorea ere oso garrantzitsua da, gazta egiteko modua betikoa izan behar duelako. Kanpoko arrazak sartzea esan nahi du oreka hori apurtuko dela, eta artzainentzako kaltegarria izanen da, baina kontsumitzaileentzako ere iruzur bat izanen litzateke. Ezin dugu produkzio intentsiboa erabiliz ekoizkina lortu, eta produktu estentsiboa eta ohiturazkoa balitz bezala iragarri», azaldu du EHNEko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.