Aniztasun sindikalaren errespetua exijitu du ELBk, DDTMen bulegoak okupatuz

Behi esnearen prezioa erabakitzen den CNIEL egituran ordezkatuak izatea galdatu du laborari sindikatuak

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
FNSEA laborari sindikatu nagusiaren «totalitarismo sindikala harrotzeko» eta «aniztasuna exijitzeko» okupatu zuten atzo Departamenduko Lurralde eta Itsasoko Zuzendaritzak (DDTM) Baionan duen egoitza ELBko hogeita hamar bat kidek. Hain zuzen, nahiz laborantza arloan aniztasun sindikala 1981ean ezagutua izan, hainbat egituratan ez da errespetatua. Hala da, adibidez, behi esnearen prezioa erabakitzen den Parisko CNIEL egituran.

Funtsean, egitura honen egoitza okupatzen dabiltza ELB kide den Confederation Paysanne sindikatuko hainbat laborari irailaren 8az geroz. Horietarik bospasei gose greban jarri ziren atzo. ELBko Christian Harluxet ordezkariak zehaztera eman duenez, horiei elkartasuna adierazteko ere egin zuten atzoko protesta.

Ikusiz azken hauteskundeetan FNSEAk bozen %57 bildu zituela, laborarien %43 «isilik egotera kondenatuak» direla dio Harluxetek. Egoera hori arras «demokraziaren kontrakoa» dela erranez, Confederation Paysannen ordezkaritza errefusatzea «demokraziako oinarri baten ukapena» dela gaitzetsi du. Jakinik sektorean krisi ekonomikoa badela, ekoizle guztien ordezkaritzak «indarra emango lukeela» argi utzi dute.

Krisi honen konpontzeko Frantziako gobernuak duen «eginbeharren» berri eman dute ere. Nahiz «interes kolektiboen eta ibilmolde demokratikoaren babesa» estatuaren «betekizuna» izan, horren engaiamendu eskasa gaitzetsi dute.

Kezka horiek Laborantzako Ministeriora helaraztea agindu zioten Baionako zuzendariari. Horrek prefetaren baimena ukanik, mezua Parisera helaraziko zuela segurtatu zien barda. Gutun baten bidez Ipar Euskal Herriko hautetsi guztiei eskatu diete baita Paris estutzea.

21. okupazio eguna Parisen

21. okupazio eguna dute Parisen eta protestari eman beharreko segidaz erabaki behar dute gaur. Hain zuzen ere, egoerari aterabide bat aurkitzeko asmoz, bitartekari bat izandatu zuen Parisko Auzitegiak eta gaur eman beharra ditu bere konklusioak. Hark esandakoaren arabera erabakiko dute okupazioaren segidaz. Hala ere, barda Harluxetek zioen FNSEAk «jaun eta jabe» egoten jarraitu nahi duenez aterabide bat atzeman izanaz ez zirela hain segur.

Laugarren okupazio egunean auzitegira jo zuen FNSEAko behi esne ekoizleen egiturak, eta irailaren 16an epaituak izan ziren Confederation Paysanneko kideak. Epaileak ez zituen zigortu, eta bitartekariaren izendapena agindu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.