«Antolaketaren beharraz jabetu behar dugu»

AMAGOIA IBAN - DONOSTIA
2003ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Frantziako IRES Ikerketa Ekonomiko eta Sozialen Institutuan ikerlari lanetan aritzen da akonomista hau. ATTAC (Herritarrei laguntzeko finantza tratuen gainean zerga ezartzearen aldeko elkartea) taldeko kontseilu zientifikoko kidea da, eta Gasteizko foroan neoliberalismoaren menpeko egoera sozio-ekonomikoa eta nazioarteko erakundeen jarrera izango ditu hizpide.

Zeintzu izango dira zure ekarpenak Gasteizen?

Europaren eraikuntzak dituen dimentsio sozio-ekonomikoei buruz ariko naiz, agintariak eraikitzen ari diren Europaren izaera neoliberalak herritarren behar eta eskubide sozialei tarte txikiegia eskaintzen diela adierazteko. Frantzian oraintxe izan dugu horren adibide bat, pentsioen gaiarekin. Iazko Bartzelonako goi bileran Europako batasuneko agintariek adostu zuten idazkian oinarritu dira harrezkeroztik abiarazi dituzten erreforma sozio-ekonomiko guztiak.

Erreforma horiek Europako Batasunean koordinatzen direla esan nahi al duzu?

Bai. Erreforma bakoitzak bere ñabardurak ditu, jakina, baina badute halako koherentzia ideologiko bat euren artean eta horrela izaten segi dezatela nahi da. Pentsioen aferarekin, Frantzian erreforma ezartzeko eman zaigun arrazoi nagusia da auzo herriek ere gauza bera egin dutela. A zer arrazoia, ezta?

Zein da zuk horrek aurrean proposatzen duzun erantzuna?

Europako Batasuna heziketa ideologikorako agentzia moduko bat da agintarientzat. Proiektua oso definituta daukate eta proiektu horren ezaugarriekin ados ez gaudenok koordinatu beharra daukagu nahi ditugun aldaketak errealitate bihur daitezen.

Lan pixka bat emango du horrek...

Egiteko asko daukagu, bai. Nire ustez, badira hiruzpalau urte jendea kontzientzia hartzen hasi zela, eta ulertu beharra daukagu eurak oso ongi antolatuta daudela eta gu ez. Neoliberalismoak dakarrenaren kontzientzia hartzen hasiak gara, eta antolaketaren beharraz jabetzea da orain behar duguna. Lehen esan dudan bezala, hori izango da nire mezu nagusia foro honetan. Ideologia neoliberalaren aurrean jarri eta erantzuna antolatzea, dialektika hori globalizazioaren aurkako mugimenduan eta langile mugimenduan txertatzea, hori da egin behar duguna.

Langile mugimendua aipatu duzu, eta mugimendu horrek, klase borrokak dagoeneko ez duela zentzurik entzuten zaie neoliberalismoaren esatariei. Sindikatuekin egiten duzu lan. Zer deritzozu horri buruz?

Begira, bada galdera bat burgesiak bere buruari inoiz egiten ez diona: bere existentziaren muina bera zein den. Langileak ederki asko daki zein den muin hori, eta langile mugimenduaren suspertze bat gertatzen ari da, burokrazia hutsean lokartutako sindikatuak badauden arren.

Koordinazioaren beharra nabarmendu diguzu. Eta lortuko ez baliz, zer?

Norberak dagoen tokitik egin dezake borroka, baina neoliberalismoaren porrot erabatekoaborroka horien Europa mailako koordinazioarekin bakarrik etorriko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.