Europako Batzordearen proposamenak aurrera egingo balu, euskal arrantzaleek eta haien auzoek 2013koaren antzeko kuota izango lukete. Izan ere, aurtengo kosteran —ekainaren 30ean amaitutakoan— 17.100 tona arrantzatu ahal izan dituzte, aurreko urtean baino %17 gutxiago. Kosterak zapore gazi-gozoa utzi die arrantzaleei, baimendutako arrain kopuruaren zatirik handiena arrantzatzeko gai izan badira ere herritarren kontsumoa jaitsi egin delako, anisakisaren gaineko alarma piztu zuelako Eusko Jaurlaritzak.
Iaztik hona antxoaren biomasa handitu egin dela baieztatu dute azterketa zientifikoek. AZTI-Tecnaliak ekainean jakinarazi zuen 85.000 tona inguru zeudela Bizkaiko Golkoan, 2013an baino %58 gehiago, eta arrisku mugatik oso gora.
Antxoaren arrantzaldia itxita egon zen 2005 eta 2009 artean, nahiko arrainik ez zegoelako.