Antxoaren kuota 20.700 tona izatea nahi du Europak

Hainbat zientzialariren txostenetan oinarritu da Europako Batzordea gehienezko harrapaketa kopurua zehazteko

Antxoa porturatzen, Bermeoko portuan, artxiboko irudi batean. N. SALAZAR.
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Bizkaiko golkoko antxoaren hurrengo kanpainako harrapaketa kopuru baimendua (TAC) 20.700 tona izatea proposatu du Europako Batzordeak, aurrekoan baino 9.000 kilo gutxiago (-%30). Azti-Tecnaliak antxoaren biomasaren inguruan egindako azterketa eta ICES Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak egindako txostenak aintzat hartuta egin du proposamena. Urtero egiten dira azterketa horiek. Azken erabakia, baina,Europako Arrantza ministroek hartu behar dute aurki.

Kalkulu matematiko batean oinarrituta finkatzen dute antxoaren gehienezko harrapaketa kopurua. Kalkulu horretan, antxoaren biomasak eragina du. Europako Batzordearen arabera, «muga biologiko seguruaren gainetik dago» Bizkaiko golkoko antxoaren biomasa, baina bere tamaina «txikitu» egin da iazko markarekin alderatuta.

Azti-Tecnaliak egindako aurreikuspena berretsi du Europako Batzordeak; izan ere, Aztiren azken azterketak dio arrantzaleek 20.000-23.000 tona artean arrantzatu beharko lituzketela Bizkaiko golkoan aurtengo uztailetik datorren urteko ekainaren 30era. Euskal Herriko arrantzaleek martxoaren erdialdetik ekainaren amaierara arte arrantzatzen dute antxoa.

Leandro Azkue Gipuzkoako Kofradien Federazioko kideak dio harrapaketen kopuruak erakusten duela antxoa leheneratu egin dela, eta bide onetik doala.Haren esanetan, epe ertainean ikusten badute 15-25 tona artean mugitzen dela harrapaketa onargarri osoaren kopurua, hori «seinale ona» izango litzateke.

«Inork ez du eman ezezkoa»

Kantauriko Antxoa jatorri izena bultzatzeko kanpaina hasi dute. Kanpainarekin, bi helburu lortu nahi dituzte: Kantauriko antxoa zein den ongi zehaztea, eta zehaztapen horrekin antxoaren balioa handitu eta galdutako merkatua berreskuratzea. Azkuek esan duenez, hori lortzeko kontserba fabrikekin izandako lehen bileretan inork ez du eman ezezkoa. Gainera, dio orain arteko bilerak «emankorrak» izan direla alde bakoitzak bere ikuspuntua mahai gainean jarri duelako: arrantzaleek beren helburuak finkatu dituzte, eta kontserba fabrikek beren egoera zehaztu diete.

Kontserba enpresek beste hornitzaile batzuengana jo dute, eta orain, arrantzaleen asmoa da lehengai gisa Kantauriko antxoa erabil dezatela. Horretarako, kontserba industriek ezezkoa eman behar diete lehen antxoa erosten zietenei. Urrian bilduko dira berriro kontserba enpresetako ordezkariak eta arrantzaleak, eta azaroaren bukaerarako dena adostuta izan nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.