Bizkaiko Golkoko antxoak bezalaxe, zalantzaz beterik agertu ziren atzo burtsak. Europako Batzordeak haietako milioi batzuk arrantzatzea baimenduko ote duen edo azken lau urteotan bezalaxe bakean utziko dituzten, zain daude arrainak. Burtsak ere antzeratsu, gora egiten jarraitu behar duten edo azken hilabeteotako gorakada ameskeria hutsa izan ote zen jakin ezinik. Atzo, behintzat, ez bata ez bestea, batzuk-Bilbo, Paris edo Madril- irabazi zituzten apurrak galdu baitzituzten haien adiskideek -Frankfurt edo Londres-. Bezperako jaitsiera handienak konbentzituta edo, Morgan Stanleyk ziurtatu du festatxoa amaitu dela eta berriro lainotik jaisteko garaia iritsi dela. Gora eta behera egiten duen burtsan, igogailu enpresa batek eman zuen atzo detailea: Donostian Zardoya-Otiseko langileek 60 kaleratzeren protesta egiten ari ziren egun berdinean, enpresaren akzioek %7,09 egin zuten gora.
Airbus. Krisiak bete-betean eragin die hegazkin egileei, eta aurreko urteotan pilatu dituzten eskari errekorrak urrun geratu dira, oso urrun. Egoera berrira moldatu dela dio Airbusek, eta lehentasuna da aurten eta 2010ean 2008an bezainbeste hegazkin amaitzea, 483 hain zuzen ere.
Michelinek (+%1,62) ekoizpena murrizten jarraitzen du, eta langile kopurua ere gutxitzen ari da. Le Monderen arabera, 1.500 langile kaleratuko dituela iragarriko du hilaren 24an, Frantziako Mendebaldeko Roanne eta La Roche sur Yonen.
Antxoen patua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu