ARGINDARRA

Apirilaren 1etik aurrera argiaren prezioa kalkulatzeko sistema berria izango da Hegoaldean

Erabiltzaileei dirua itzuli beharko diete konpainia elektrikoek, urteko lehen hiru hilekoetan gehiegi kobratu zietelako. 

Iker Aranburu.
2014ko martxoaren 28a
12:11
Entzun

Espainiako Gobernuak tarifa elektriko aratua kalkulatzeko sistema berria onartu du. Apirilaren 1ean jarriko da indarrean, eta handizkako merkatuaren araberako prezioak ordainduko dituzte etxeetan ere. Kontagailu berriak dituztenek ordu jakin bakoitzean argindarrak duen prezioaren arabera pagatuko dute eta, kontagailu zaharra dutenek, berriz, orduko prezioen batezbestekoa. Sistema horrek gorabehera handiak ekarriko ditu prezioetan, ordutik ordura asko aldatzen delako elektrizitatearen prezioa: jaitsi egiten da kontsumo gutxi dagoen orduetan edo haize handia dagoen egunetan (eolikoarengatik), eta igo, berriz, kontsumoa handia denean (goiz eta arratsalde hasieran) edo muturreko tenperaturak daudenean. Edonola ere, merkeagoa izango dela espero du Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak, azken urteotan baliatutako enkantea bertan behera geratuko delako. Enkanteak beraren kostua aurreztuko da.

Sistema berria indarrean jartzearekin batera, urte hasieratik baliatu den behin-behineko sistemaren doikuntzak egin beharko dira. Behingoz, erabiltzaileen  aldeko doikuntza izango da. Izan ere, urtearen hasieran megawatt ordua 48 eurotan kobratzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, hori izango zelakoan argindarraren batezbesteko prezioa. Azkenean, baina, 26 eurokoa izan da, haizeteek eta euriek energia eolikoaren eta hidraulikoaren argindar ekoizpen merkea handitu dutelako. Guztira 300 milioi euro itzuli beharko dituzte argindar konpainiek. Abuztuaren 30era arteko epea izango dute horretarako.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.