Aste Santuak bizkortu egin du lan merkatua Hego Euskal Herrian. SEPE Espainiako enplegu zerbitzuak emandako datuen arabera, martxoan baino 3.781 lagun gutxiago zeuden langabe gisa erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan.
Lurralde guztietan jaitsi da langabezia, baina batez ere Bizkaian (-1.920). Gipuzkoan, 854 gutxiago daude; Nafarroan, 742 gutxiago; eta Araban, aldiz, 265 gutxiago.
Aspaldiko partez, urte arteko konparaketa negatiboa da; hau da, 2020ko apirilean baino langabe gutxiago daude orain, 10.358 gutxiago hain zuzen ere. Noski, duela urtebete jarduera ekonomikoa oso geratuta zegoen, konfinamendu zorrotza arintzeko lehen neurriak ez baitziren abian jarri hilabetearen amaierara arte.
Langabeziaren jaitsierak badu lotura Aste Santuaren inguruan izan ziren murrizketa batzuen arintzearekin, batez ere zerbitzuetan jaitsi delako langabezia (-2.795). Edonola ere, ekonomia osoaren hobekuntza bat erakuts dezake langabeziaren jaitsiera nabarmena izateak industrian (-696) eta eraikuntzan (-207) ere. Lehen sektorean ere, langabe kopurua jaitsi egin da (-177), baina igo, aldiz, aurretik lanik ez zutenen artean (+94).
Nolanahi ere, esanguratsua da Araban handitu egin dela industrian lanik gabe daudenen kopurua (+26). Lurralde horretako industria handi askotan pilatu dira kaleratzeak azken hilabeteetan; apirilean, esaterako, Tubacexeko 124 langile geratu ziren lanik gabe.
Jaitsiera txikia erregulazioetan
Langabezian daudenei batu ahal zaizkie enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean dauden langileak. Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren azken datuek diote apirilaren amaieran 32.474 langile zeudela egoera horretan, martxoa bukatu zenean baino 2.522 gutxiago. Aldi baterako erregulazioan daudenetatik, bi herenek ez dute batere lanik egiten, eta beste bat erregulazio partzialean dago.
Gorakada handia izan du Gizarte Segurantzan afiliatuta dauden langileen kopuruak ere. Batez beste, 1.246.933 langilek ordaindu dute kotizazioa apirilean, martxoan baino 5.957 gehiagok. Erregimen orokorrekoak dira gehienak (+5.465), baina 407 autonomo gehiago eta itsasoko 86 langile gehiago ere badaude.