Apirileko prezio igoerak deflazioaren arriskua urrundu egin du

KPIk %1,1 egin du gora joan den hilean Hego Euskal Herrian, eta urte arteko inflazioa %0,5ean utzi du

Iker Aranburu.
Donostia
2009ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Deflazioaren mamuari atea muturren aurrean itxi dio prezioen igoerak. Apirilean, %1,1 garestitu zen bizimodua Hego Euskal Herrian, eta aspaldiko partez, inflazioa jaitsi beharrean, igo egin zen. Gutxi, ordea, martxoan %0,3koa zen inflazioa, eta apirilean %0,4koa. Urtea hasi denetik prezioak ez gora ez behera daude.

Apirileko prezioen igoera, hein handi batean, jantzien eta oinetakoen garestitzeari zor zaio: INE Espainiako estatistika institutuaren arabera, %8,8 igo ziren produktu horiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %7 Nafarroan. Halaber garestitu ziren aisialdia eta kultura -%1,6 EAEn eta %1 Nafarroan-eta garraioa -%1,4 eta %1,2-. Azken horretan zerikusia izan du erregaiaren prezioaren igoerak. Izan ere, krisi ekonomikoak hondoa jo duela dioten analisiek bultzatuta, petrolio upelaren prezioa gora egiten ari da nabarmen, eta 60 dolarrera hurbildu da. Edonola, Brent upela duela urtebete baino %52 merkeago salerosten zen atzo Londresen, eta ziur aski batez besteko horri eutsiko dio, abuztura arte behintzat.

Oro har prezioak igo badira ere, badira oraindik merkatzen ar diren zenbait atal ere. Esaterako, etxebizitza mantentzeko produktuen prezioa %1,3 jaitsi zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %1,4 Nafarroan. Merkeagoak dira elikagaiak eta edari alkoholgabeak, eta edari alkoholdunak eta tabakoa ez dira garestitu.

Azken hilabeteotan gertatu den moduan, Nafarroan igo dira gutxien prezioak. Lurralde hartan KPIak %0,9 egin zuen gora iragan hilean. Hura da ere inflazio negatiboa duen lurralde bakarra, azken urtean %0,2 merkatu direlako prezioak. Araban, urte arteko inflazioa %0,2koa da, %0,5ekoa Gipuzkoan eta %0,6koa Bizkaian. Bilakaera hori ulergarria da, azken bi lurralde horietan atzeraldia zertxobait txikiagoa izan delako, orain artejakinarazi dutenez. Prezioen jaitsiera lotuta dago ekonomiaren bilakaerarekin, krisiaren ondorioz saltzerik ez dauden produktuak edo eskaintzen diren zerbitzuak merkatzea ohikoa baita.

Espainian ere inflazioa negatiboa izan da apirilean, bigarren hilabetez jarraian. Gainera, apirilean prezioak %1 garestitu diren arren, urte arteko tasa %0,16 da -lehen %0,06 zen-. Frantzia, ordea, egonkorragoa izan da eta ez da inflazio negatiboan erori. INSEEk atzo emandako datuen arabera, apirilean %0,2 igo ziren prezioak eta urte arteko inflazioa%0,1ekoa da.

Eztabaida soldatekin

Prezioen bilakaera ikusita, CEOE Espainiako patronalak eskatu du urtearen amaieran inflazioa negatiboa bada, soldatak ere neurri horretan jaistea. Halakoa onartzeko prest ez daudela erantzun diote sindikatuek. Euskadiko CCOOk ziurtatu du Europako Banku Zentralaren aurreikuspenen inguruan igo beharko dutela soldatek ere, %2 alegia. Hartara, familien erosteko ahalmena indartuko litzateke, ekonomia suspertu eta enpleguak sortu.

UGT-Euskadik soldatei eusteko lan itunak negoziatzera deitu ditu enpresaburuak. «Ez da garaia soldatak jaisteko, mantentzeko baizik, ekonomia lehengoratu dadin».



Zenbakia

0,868

Erregaia garestitzen. Azken astean gasolioaren prezioa %1,05 igo da Espainian, EBren datuen arabera. 0,868 euroan saltzen da, batez beste. Gasolina ia %2 garestitu da, eta 0,969 euroan salerosten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.