Turkian duten giro ekonomiko nahasia AEBekin duen gatazkarekin lotu nahi du Recep Tayyip Erdogan presidenteak, haren iritziz, "atzerriko konplot" baten ondorio baita krisiaren arrasto nagusia, lira turkiarraren amiltzea, eta ez Turkiako ekonomiaren desoreken ondorio. Washingtonekiko gatazkan beste fronte bat ireki du gaur goizean buruzagi islamistak: boikotarena.
Turkiarrei eskatu die AEBetako produktu elektronikorik ez erosteko. "Haiek iPhone badute, beste aldean Samsung dago", esan die AKP bere alderdiko kideei. "Turkian, gainera, Vestel Venus telefonoak ditugu". Iruzkin horiek Vestel Venusen akzioen gorakada eragin dute.
Donald Trumpen gobernua Erdoganenari presio egiten ari zaio azken asteotan, Andrew Brunson apaiz ebanjelista aska dezan —terrorismoa egozten dio Ankarak, Erdoganen aurkako 2016ko estatu kolpea sustatu zuelakoan—. Erdoganek askatzeari uko egin dionez, haren gobernuko kide batzuen aurkako zigor ekonomikoak indarrean jarri ditu Trumpek, eta muga-zerga gehigarriak jarri dizkie altzairu eta aluminio turkiarraren inportazioei.
Washingtonen presio neurrien aurrean tinko eutsiko diola aldarrikatu du gaur Erdoganek. "Zer ari zara egiten? Zer lortu nahi duzu? Jakin beharko zenuke: nazio honen izaera ez da amore ematen duten horietakoa", esan dio AEBetako Gobernuari.