Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak gora egin zuen berriro joan den urteko azken hiruhilekoan. Datua aurrerapausoa da uztaila eta iraila artekoarekin alderatuz gero, baina hazkunde ahul horrek ez du enplegua sortzeko balio, eta lanpostuak galdu ziren berriro urteko azken txanpan.
2010. urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordina %0,3 handitu zen, Euskal Estatistika Erakundeak egindako behin-behineko kalkuluen arabera. 2009ko erorketa sakonaren ondotik —3,8 atzera egin zuen ekonomiak— egoerak hobera egin du. Eustatek iragarri duen emaitza bat dator Eusko Jaurlaritzak azken hilabeteotan espero zuenarekin. Hori bai, udara arte hazkundea handiagoa izango zeneko itxaropena zuen Patxi Lopezen gobernuak.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero, BPGa %0,2 handitu zen. Urteko lehen sei hilabeteak nahiko onak izan ondoren, ekonomiak ez zuen ez atzera ez aurrera egin hirugarren hiruhilekoan. Haatik, berriro ere uzkurtzeko eta atzeraldian erortzeko arriskua uxatu dute urte amaierako emaitzek. Urte arteko tasan %0,8 handitu da ekonomia, emaitzarik onena 2008. urteko hirugarren hiruhilekotik.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kontu ekonomikoen aurrerapena argitaratu zuen atzo Eustatek. Datuen inguruko zehaztasunak heldu den asteartean emango ditu estatistika erakundeak. Nafarroak, berriz, gaur emango du 2010. urtean ekonomiak izandako garapenari buruzko datu aurreratua.
Edonola ere, urte arteko hazkundea gidatu duten oinarriei buruzko datu batzuk azaldu zituen atzo Eustatek. Horren arabera, industriak eta merkatuko zerbitzuek bultzatu dute ekonomia. Administrazioek eskaintzen dituzten zerbitzuak —merkatukoak ez direnak— moteldu dira, ordea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiaren zamarik handiena eraikuntza da oraindik ere. Eusko Jaurlaritzak sektorea %5,5 eroriko zela espero zuen, esaterako. Eraikuntzatik aparte, lehen sektorea, inbertsioa eta barne eskaera uzkurtuko zirela aurreikusi zuen Ekonomia eta Ogasun Sailak.
Lanpostuak, behera
Enpleguaren egoerari buruzko datu txarrak ditu esku artean Eustatek, baita ere. Urte osoko emaitzak kontuan izanik, lanpostuek behera egin zuten. Uztaila eta iraila arteko egoerarekin alderatuz ere murriztu ziren lanpostuak, eta gauza bera aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuz gero.
Haatik, aurten ekonomiaren hazkundea azkartuko dela uste du Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak, eta horri esker urteko lehen seihilekoan okupazioak gora egingo duela ziurtatu zuen atzo, Eusko Legebiltzarreko korridoreetan egindako adierazpenetan. Okupazioaren igoera horrek ez du ezinbestean esan nahi langabezia tasa murriztea lortuko denik. Populazio aktiboaren igoera batek, hain zuzen ere, langabe kopurua gora bultzatzea eragin lezakeela gogorarazi zuen Agirrek.
«Aurreko hiruhilekoetan lortutako susperraldia finkatu da», sailburuaren irudiko, baina hazkundea oraindik ere «oso arina» dela ohartarazi zuen. Horren haritik, EAEko ekonomiak Europako Batasuneko hazkunde batez bestekoen azpitik jarraitzen duela nabarmendu zuen. 2010ean %2 haztea espero zuen EBk. 2011. urteari dagokionez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %1,5 handituko dela aurreratu du Eusko Jaurlaritzak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hazkunde ahulak ez du enplegua sortzeko balio
BPGak gora egin zuen berriro iazko azken hiruhilekoan, eta 2010. urtean %0,3 handitu zen EAEko ekonomia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu