Radio Euskadin mintzatu da Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuorde Isabel Muela. Aste Santuan, bi irudi zabaldu dira batez ere: Gaztelugatxe eta Guggenheim museoa, jendez gainezka. Turismoaren saturazio mezuen inguruan, "kezka" azaldu du Muelak, uste baitu ez dela egiazkoa.
Are, uste du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ez daudela "gainezka, inondik ere". Haren esanetan, "oraindik gerturatu ere ez da egiten izan dezakeen betetze mailara". Gaztelugatxen eta Guggenheimen, zehazki, "eremu horiek turisten beharretara egokitzea" proposatuko du Jaurlaritzak. Gaztelugatxeren kasuan, ermitara igotzea, ermitatik jaistea, eta ermitan egoteko denbora "ordenatu" nahi ditu. Gainera, "turisten soslaia aukeratzeko" beharra azpimarratu du.
Turismoari tasa bat ezartzeko aukerari dagokionez, Muela prest azaldu da "eztabaida hori zabaltzeko". Esan du udalak izango direla tasa hori baliatuko dutenak, "erabakitzeko zertan inbertitu nahi duten". Gaineratu du "herrialde eta hiri askotan" ordaintzen dela tasa turistikoa, eta, gaur egun, urtean lau milioi turista inguru doazenez Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara, "ur handitan" sartzea litzatekeela.
Jaiegunetan saltokiek dendak irekitzearen inguruan, Muelak adierazi du merkatarientzat "aukera bikaina" dela bidaiari kopuruaren hazkundea: "Biztanleak halako bi dira bisitariak. Aukera hori ezin da galdu".