Kontu publikoak

Arabak epe laburreko zorpetzea handituko du

Aurrekontuak kontrolatzeko araua moldatuko du zorpetze ahalmenak 248 milioi euroren langa gainditu ahal izateko.

Ramiro Gonzalez Arabako ekonomia suspertzeko planaren aurkezpen agerraldian, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2020ko ekainaren 1a
13:28
Entzun

Arabako Foru Aldundiak epe laburrera zorpetzeko gaitasuna handitu nahi du, eta, horretarako, aurrekontuak kontrolatzeko legea moldatuko duela iragarri du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak. COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko diputazioak ondutako plana aurkeztu du Gonzalezek Batzar Nagusietan, gaur goizean, eta bertan iragarri du neurria. 

Gaur egungo foru arauak zehazten du diru sarrera arrunten %10 izan behar duela epe laburreko zorpetze mugak. Baina muga hori aldatu nahi du diputazioak, zorpetze ahalmenak 248 milioi euroren langa gaindi dezan. Gonzalezek esan du gehienez ere urtebetean itzuli beharreko epe laburreko mailegu edo kredituak hitzartu ahal izango dituela horri esker, eta aldundiaren likidazioa «modu nabarmenean» hobetzen lagunduko duela ondorioz. 

Ez da Arabako ahaldun nagusiak moldatu nahi duen lege bakarra, halere. Egonkortasunerako legea ere moldatu nahi du, defizita eta gastu araua ere malgutzeko. Gaia aztertzeko eskatu zion Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoari, baina Gonzalezek esan du zain daudela oraindik. 

Izan ere, krisiak kontu publikoetan eragingo duen zuloari tamaina hartzen hasiak dira erakundeak. Arabari dagokionez, aldundiak aurreko astean iragarri zuen zergen bitartez 540 milioi gutxiago bilduko zituela aurten; hots, iaz baino %20 edo %22 gutxiago. Bilketa apaltzearen ondorioz, aurrekontua 100 milioi txikitu beharko duela esan zuen ahaldun nagusiak. Krisiari aurre egiteko ekintza plan bat onartu zuen diputazioak, 29 milioi eurorena, eta plan hori «agortu gabeko zorrarekin eta gerakinarekin» finantzatuko du. Neurri fiskalak ere onartu ditu, nolanahi ere; denera 248 milioi euroren balioa dute. 

Gonzalezek esan du ez duela murrizketarik egingo gizarte politiketan. Obra publiko batzuei eutsiko zaie –60 milioi euroren inbertsioak egingo ditu errepideak konpontzeko eta Gasteizko tranbia luzatzeko–, baina «sakrifizioak» ere egin beharko ditu, Gonzalezek iragarri duenez. Lehentasunen zerrendan atzeko postuetan kokatu ditu dagoeneko Gasteizko auditoriuma, Mendizorrotzaren berritzea, musika eta kirol ekitaldiak eta haurren udalekuak. 

«Lehen neurriak hartu ditugu, baina etorkizunera begira lan egin behar dugu, datozen urteetarako Arabaren lehentasunak planifikatuz eta erabakiz», esan du Gonzalezek. Uste du, halere, «goiz» dela krisiaren benetako eragina neurtzeko, aurreikuspenak aldatzen ari direlako itxialdia arintzearekin batera. Gainerako alderdiei, baina, eskatu die «egonkortasun politikoari eusteko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.