Diru laguntzak

Arabako Aldundiak 29 milioi jarriko ditu krisiari aurre egiteko

Ekonomia suspertzeko ekintza plan bat egin du diputazioak. Zuzeneko laguntzak izango dira erdiak baino gehiago.

Ramiro Gonzalez planaren aurkezpen agerraldian, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2020ko maiatzaren 26a
13:33
Entzun

Arabako Aldundiak ekintza plan bat onartu du osasun larrialdiak eragindako krisiari aurre egiteko, 29 milioi eurokoa. Epe laburreko premiazko neurri ekonomikoak biltzen dituela adierazi du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak: krisialditik ateratzeko «zirkuitu laburrean» eta tokiko kontsumoan oinarritzen den plan bat.

Gonzalezek iragarri du 540 milioi euro gutxiago bilduko direla aurten zergen bitartez Araban, hots, iazko diru bilketan baino %20 edo %22 gutxiago. Bilketa apaltzearen ondorioz, diputazioak 100 milioi murriztu beharko du aurrekontua, ahaldun nagusiaren ustez: «Baditugu tresnak horri aurre egiteko; zorpetzea erabil dezakegu, baina, hala ere, lehentasunak aldatu beharko ditugu».

Gaur aurkeztutako planak 50 neurri jasotzen ditu, hamar ataletan banatuta, eta erdiak baino gehiago zuzeneko laguntzak izango dira (18,3 milioi). Aldundiak 11,5 milioi euro jarriko ditu enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei finantzaketa laguntzak emateko. Zuzeneko laguntzak emango dizkiete oinarrizko gastuei aurre egiteko, eta maileguak, berriz, likidezia bermatu ahal izateko.

Araban ekoitzitako produktuak sustatzeko, milioi eta erdi gordeko ditu. Hala, ardogintzari finantzaketa laguntzak emango dizkio, eta Internet bidezko salmenta errazteko plataforma bat sortzen ere lagunduko du. Arabako elikagaiak erosteko bonuak ere sortuko ditu, eta nekazari eta abeltzainei ere errenta murrizketak egitea proposatu du ahaldun nagusiak. Beste milioi eta erdi kontsumoa sustatzeko izango dira.

Beste hainbeste izango da turismoarentzat ere. Diru laguntza zuzenak emango dizkiete elkarte, erakunde, irabazi asmorik gabeko entitate eta enpresei barne turismoa sustatzeko, eta komunikazio kanpainak ere egingo ditu. Bestalde, milioi bat euro erabiliko ditu kultura arloko enpresei laguntzeko eta kultur proiektuak sustatzeko, eta beste milioi bat gordeko ditu ingurumenari lotutako proiektuetarako.

«Orain inoiz baino garrantzitsuagoa da tabernan Arabako Errioxako ardo bat edo Aiarako txakolin bat eskatzea, oporrak Arabako landetxe batean erreserbatzea, eta gure herriko dendetan Arabako patata erostea», esan du Gonzalezek.

Inbertsio publikoei eutsi

Gonzalezek esan du beste 248,5 milioi gehitu behar zaizkiola gaur aurkeztutako planari. Kopuru hori Foru Ogasunak izurritea hasi zenetik hartutako neurri fiskalen baliokidea da, Gonzalezen arabera. Gainera, ahaldun nagusiak erantsi du obra publikoei eutsi egingo zaiela. 60 milioi euroko inbertsioa zuen aurreikusia errepideak konpontzeko, Gasteizko Salburuko tranbiarako eta autobus elektrikorako, besteak beste. «Ahaleginak egin ditugu, eta ahaleginak eta bi egiten jarraituko dugu krisialdi honetatik ateratzeko. Ahalegin horien fruitua da plana», esan du Gonzalezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.