Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoak maiatzaren 11n, astelehenean, hasiko dira lanean, baldintza batzuen barruan. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez, lantokietarako itzulera «era antolatuan eta mailakatuan» egingo da, eta segurtasuneko neurriak oinarritzat hartuta. Jakinarazi du plan bat prestatu dutela, eta horrek bere barnean hartzen duela, batetik, zerbitzu publikoa bermatzea, eta, bestetik, gogoan izatea osasun agintariek birusaren hedapena eragozteko ezarri dituzten jarraibideak. Bozeramaileak adierazi du, halaber, sindikatuei plana helarazi diela, eta negoziazio mahaia bilduta egon dela astearte goizean. «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publiko osoak ere bilera egin genuen atzo, guztiok norabide berean egiteko aurrera», erantsi du.
Plan horrek zenbait baldintza biltzen ditu, bai eta lanera itzultzean bete beharreko neurriak ere. Erkorekak ohartarazi du «zorrotz» bete beharko direla ezarriko diren baldintzak, eta, batez ere, bi aipatu ditu: «Batetik, saihestu behar da pertsonak pilatzea, eta, bestetik, bi metroko tartea mantentzea bermatu». Nabarmendu du lan arriskuen prebentziorako zerbitzuarekin koordinatu dituztela neurriok, eta etengabe eguneratuko direla, ezartzen den arautegiaren arabera. Are gehiago, jakinarazi du baldintzak betetzea zailagoa den tokietan, bitartekoak eskainiko dituztela: maskarak eta babeserako bestelako neurriak, esate baterako. Langileei ere gomendioak eman dizkie: «Lantokitik urrun bizi direnei aholkatzen diegu garraio pribatuan egitea joan-etorriak, eta, ahal izanez gero, garraio publikoaren erabilera murriztea»
Salbuespenak
Maiatzaren 11n hasiko dira langile publiko batzuk lanean. Helburua da lau asteren buruan langile guztiak itzultzea beren postuetara, segurtasun eta higiene neurri guztiak oinarritzat hartuta, Jaurlaritzako bozeramailearen arabera. Hala ere, lanera ez itzultzeko hiru salbuespen zerrendatu ditu. Batetik, COVID-19arekiko zaurgarriak izan daitezkeen pertsonek ez dute izango lanera itzultzeko betebeharra, betiere mediku batek hala zehaztuz gero. Bestetik, langile baten mende 14 urtetik beherako edo menpeko pertsonaren bat egonez gero, lanera ez itzultzeko aukera izango du, baina ziurtatu egin beharko da hala dela. Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren telelan programan parte hartzen ari diren pertsonek ere etxetik lan egiten jarraitzeko aukera izango dute, sistema guztiak bermatuta izanez gero, bederen.
Hala, astelehenetik aurrera, langile publikoak beren lanpostuetara itzuli beharko dira. Erkorekak jakinarazi du lanera itzultzen azkenekoak aurrez aurreko arreta eskaintzen duten zerbitzuetako langileak izango direla. «Administrazio prozedurak aztertzen ari gara, ea zer bideratu daitekeen bide telematikotik, administrazioen bulegoetan jende pilaketak eragotzi ahal izateko», azaldu du. Hala ere, behin itzultzean, ohartarazi du babes kolektiborako manparak ezarriko direla, eta baita gel hidroalkoholikoak ere.