Barne produktu gordinaren kalkulu berriak sortu duen eztabaidan argi pixka bat ematen saiatu da gaur Eustat, Euskal Estatistika Erakundea. Arabako PPk eta Javier de Andres ahaldun nagusiak zenbaketa berriaren aurka jo dute. Izan ere, neurketa berriaren arabera handitu egin da Arabak eta Gipuzkoak EAEko ekonomian duten pisua, eta Bizkaiarena, aldiz, txikitu. Ondorioz, Arabak eta Gipuzkoak zerga bidezko diru bilketatik Eusko Jaurlaritzari ekarpen handiagoa egin beharko diote, eta Bizkaiak, txikiagoa.
Popularrek neurketa berriaren elementu berritzaileena jarri dute jopuntuan: ekonomia ezkutuak duen pisua. Batez ere, drogen eta prostituzioaren neurketa egiten dute ekarpen handiagoaren erantzule. Eustatek zenbaketa nola egin duen azaltzea exijitu dute, gainera. Akusazioa uxatzeko asmoz, Eustatek gaur eman ditu azalpenak legez kanpoko jarduerek herrialde bakoitzean duten pisuari buruz. Orotara, 2010. urtean jarduera horiek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiari %1,149 gehitu ziotela adierazi du. Eurotan, 747,9 milioi dira. Aldaketa estatistiko orokorraren emaitzak joan den ostiralean argitaratu ziren.
Ehunekotan oso parekoa da ekarpena herrialde guztietan, handienaren eta txikienaren artean soilik milaren batzuk daude. Hala, Gipuzkoan BPGa %1,15 handitu dute legez kanpoko jarduerek ekonomia, Bizkaian %1,148, eta Araban %1,147. Dirutan, Bizkaiko ekonomiari 385,9 milioi gehitu dizkiote, Gipuzkoakoari 245,1 eta Arabakoari 116,9 milioi.
Herrialdeen errenta kopurua —BPGa, azken finean— elementu erabakigarria da aldundi bakoitzak zerga bilketatik Eusko Jaurlaritzari ordaindu behar dion ekarpena kalkulatzeko —%70 errenta horren pisuaren arabera zenbatzen da—. BPG gaurkotuak eragingo du, hasiera batean, Arabak zein Gipuzkoak Jaurlaritzari diru gehiago ordaindu behar izatea, eta Bizkaiak, aldiz, gutxiago.
PPren polemika
Arabako PPk eta Javier de Andres ahaldun nagusiak neurketa berriaren aurka jo dute, Foru Aldundiak diru gehiago jartzea eragingo duelako. Popularrek Eustateko zuzendariaren agerraldia eskatu dute herrialdeko Batzar Nagusietan. Hain zuzen ere, Araban eta Gipuzkoan drogen eta prostituzioaren ekarpena zergatik den handiagoa azaltzeko exijitu dute. Gainera, agerraldia premiazkoa izatea nahi dute, heldu den urtean diru ekarpenak finkatuko dituen Finantzen Euskal Kontseilua egingo delako.
Eustatek gaur eman duen informazioak PPren tesia gezurtatzen du, ekonomia ezkutua oso antzekoa delako herrialde guztietan, eta, hain zuzen ere, Araban eragin duelako hazkunderik txikiena. Zer gertatu da orduan? Legez kanpoko jarduerak aldaketa estatistikoaren parte bat dira, baina ez handiena. Eustatek berak emandako azalpenen arabera, BPGa handitu duen faktore nagusia ikerketa eta garapenerako gastuen zenbaketaren aldaketa izan da —igoeraren %40 dagokio—. Bigarrena aurreikuspen eta iturri estatistikoen egokitzapena izan da —igoeraren %31—. Azkena legez kanpoko jarduerak dira, BPGari %1,1 handitu diotenak —BPG oinarria %29 handitu dute—. Ekonomia ezkutuaren ekarpena herrialdez herrialde ia parekoa izanda, beste aldaketa teknikoek eragin dute Arabako eta Gipuzkoako BPGa handitzea, Bizkaikoarekin alderatuz.
Barne produktu gordina kalkulatzeko sistema berri bat sartu da indarrean aurten Europako Batasunean, ESA-2010 izenekoa. Aldaketetan, ekonomia ezkutuak duen pisua neurtu eta BPGan aintzat hartuko da aurrerantzean. Tabako kontrabandoak, legez kanpoko jokoak, prostituzio antolatuak eta droga trafikoak duten eragina kalkulatzen aritu dira azken hilabeteotan Eustateko teknikariak. BERRIAk joan den astean eman zuen kalkulu horrek izan zituen zailtasunen berri.
BPGaren neurketa ez da bitxikeria estatistiko hutsa. Ondorio praktiko zuzenak ditu. Esaterako, aukera emango die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari diru gehiago gastatzeko heldu den urtean, defizit muga BPG horren ehunekotan neurtzen delako —BPGaren oinarria handitzen den neurrian gehiago gastatzeko aukera dute—.