Okerrera egin du ekonomiak eta susperraldi bizkor baterako itxaropena zapuztu da. Arabako Enpresaburuen Elkarteak (SEA) egindako inkestaren arabera, soilik enpresen %12k ikusten du merkatua datozen hilabeteotan onbideratzeko aukera. Hamar puntu jaitsi da iritzi hori dutenen kopurua, orain dela hiru hilabeteko emaitzekin alderatuz gero.
Herrialdeko 300 enpresa inguruk emandako erantzunak biltzen ditu SEAren industria barometroak. Azken alea atzo aurkeztu zuen, eta azken hilabeteotako gainbehera islatu da enpresaburuen animoan. Azaroan hobekuntza arina gelditzen ari zela ohartarazi zuten SEAko arduradunek, eta atzo, zoritxarrez, susmo hori egiaztatu dela nabarmendu zuen Juan Ugarte idazkari nagusiak: «Krisiaren garai zail eta gogorrenetara hurbiltzen ari gara berriro».
Herrialdeko enpresen ia erdiak (%48) euren etorkizuna arriskuan ikusten zuela ziurtatu zuen orain dela hiru hilabete argitaratu zen inkestan. Zeresan handia eman zuen datuak. Egoerak berdin jarraitzen duela agerian utzi du barometro berriak. Behintzat, ez du gora egin euren geroa arriskuan ikusten duten konpainien kopuruak.
Beste alor gehienetan ezkorragoak dira erantzunak. Uneotan merkatua atzeraldian dagoela uste du enpresen %64k, eta datozen hilabeteotarako atzeraldia iragartzen dute %69k. Azaroan ez ziren %50era iristen. Eskaerak ahultzen ikusi duten konpainiak %65 izatetik %72 izatera pasa dira. Patronalaren galdeketan parte-hartu duten eraikuntzako enpresa guztiek esan dute eskaerak murriztuko zaizkiela.
Bezeroen faltak salmentei egin die kalte. Fakturazio eskasagoa izan dute herrialdeko enpresen %61ek. Emaitzarik txarrena da 2009 urteko abendutik. Egoerarik okerrena urte bereko maiatzean izan zen, %80k gutxiago saldu zuela aitortu zuenean.
Enpleguaren erronka
Erantzunek agerian utzi dute enpresen ezinegona. Hala ere, oraingoz espero zitekeena baino ondorio gutxiago izango luke enpleguan eta inbertsioetan. Enpresa gehienek (%57) prest daude egungo lanpostu kopuruari eusteko. Azaroan baino sei puntu gutxiago dira, hala ere. Enpresen %14k enpleguan murrizketa esanguratsuak egitea espero du. Eraikuntzak ditu aurreikuspen txarrenak: konpainien %58k lanpostu galera espero du.
Ia hamar enpresatik seik jarraituko dute inbertsioak egiten, baina hori lortzeko laguntza eskatu zien Ugartek administrazioei. «Inbertsio publikoa behar da jarduera piztu eta geure ekonomia itotzen ari den ataka honetatik ateratzeko». Greba orokorrari buruz, ez duela «ezer konponduko» adierazi zuen SEAko idazkariak.
Arabako enpresen %12k soilik uste dute egoera hobetuko dela
Herrialdeko enpresa gehienek posible ikusten dute oraindik gaur egungo enplegu mailari eustea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu