Arabako Foru Aldundiak errenta eta ondare zergen kanpainak aurkeztu ditu gaur goizean. Apirilaren 9an hasiko da prozesua, eta ekainaren 25a arte iraungo du. Guztira, 70 langile ariko dira dokumentazioa egiten. Ogasunaren lantaldea indartzeko beste 48 pertsona kontratatu dituzte. Gasteizko, Laudioko eta Guardiako bulegoetan arreta guneak jarri dituzte. Internet bidez egiteko aukera ere egongo da.
Honezkero ogasunak berak igorritako aitorpen proposamenak ari dira iristen zergapekoen postara. Guztira, 113.000 aitorpen igorri ditu foru erakundeak, pasa den urtean baino 455 gehiago. Zergapekoen ia bi herenek etxean eta eginda jasoko dute proposamena. Herritarrek aukera izango dute aitorpena telefono mugikorraren bidez onartzeko aukera. Pasa den urtean lehen aldiz jarri zen martxan aukera hori, eta 4.656 lagunek baliatu zuten.
Bidalitako proposamena onartu eta dirua itzuli behar zaien zergapekoei 48 ordu baino gutxiagotan ordaintzeko konpromisoa du aldundiak. Horrek esan nahi du apirilaren 11n hasiko direla lehen ordainketak. Zergepekoen ia bi hereni bueltatuko zaie dirua. 113 milioi euro dira, 956 euro herritar bakoitzeko.
Ogasunari dirua ordaindu behar dutenei ekainaren 25ean kobratuko zaie. Bitan banatzeko aukera ere eskura jarriko zaie: ekainaren 25ean parte bat eta azaroaren 12an bestea, interesik gabe. Guztira, 77 milioi sartuko dira ogasunaren kutxara, 1.555 euro aitorpen positibo bakoitzeko.
Ondare zergari dagokionez, 1.575 zergapekok ordainduko dutela aurreikusita dago. 16,5 milioi izango dira, 10.476 euro aitorpen bakoitzeko.