Arabako ostalaritzako langileak hiru egunez lanuztera deitu dituzte

Ekainaren 25, 26 eta 27rako iragarri dute greba, Azkena Rock Festival egingo duten asteburu bererako

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Ostalaritzako lan itunaren negoziazioak geldirik daude Araban. Ia urte erdia igarota, sektoreko 7.000 beharginen aurtengo lan baldintzak airean daude. Eta, patronala estu hartzea erabaki dute sindikatuek. CCOO, UGT, ELA eta LAB ados jarri, eta ostalaritzako langileak lanuztera deitu dituzte ekainaren 25erako, 26rako eta 27rako. Asteburu hori, baina, ez da asteburu arrunt bat izango Gasteizen. Orduan egingo dute Azkena Rock Festival musika jaialdia, bai eta Europako triatloi txapelketa ere. Sindikatuak jakitun dira urteko astebururik «mugituenetakoa» izango dela. Arabako hiriburuak 30.000 bisitari hartuko dituela aurreikusten dute, eta ostalaritza enpresentzat egun bikainak izango direla.

Oraingoz, greba deialdia ez da formala. Hilaren 17an eta 22an batzarrak egitekoak dira sektoreko langileak, eta orduan erabakiko dute lanuzteak egin ala ez. Hein handi batean, greba mehatxuari enpresaburuek ematen dioten erantzunak baldintzatuko du erabaki hori.

Atzo, lau sindikatuetako ordezkariak batera agertu ziren presntsaren aurrera. Beren asmoen berri eman eta paronala kritikatzeko baliatu zuten agerraldia. UGTko Carmen Auñonek erabat atzerakoitzak jo zuen enpresaburuek mahai gainean jarritako proposamena. Eta, ohartarazi zien, langileek ez dutela onartuko soldatak zentimo bat bera ere murrizterik, ez eta gainerako lan baldintzak okertzerik ere. Patronalak lanaldia «desarautu» nahi duela adierazi zuen Auñonek; hau da, urtean sartzen dituzten 1.746 orduetatik 174 poltsa batean gorde nahi dituela, enpresek behar dutenean erabiltzeko. Horrez gain, langile berriei %20 gutxiago pagatu nahi diela salatu zuen Auñonek. Izan ere, patronalak oraingo soldataren (1.190 euro) %80 pagatu nahi die langile berriei, beste %20 osagarri moduan erabili ahal izateko.

Sindikatuek, berriz, bi gutxieneko baldintza jarri dizkiote patronalari: lehenegoa, langileek erosteko ahalmenik gal ez dezaten, soldatak KPIa eta «zertxobait gehiago» igotzea; eta bigarrena,astean bi jaiegun izango dituztela ziurtatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.