Araberri 2020 sortzea proposatu du SEAk, Arabako ekonomia garatzeko

Azken sei hilabeteetan aurreko hamarretan errekuperatutakoaren %75 galdu dela adierazi du patronalak

Miren Garate.
2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Gipuzkoa Aurrera sortu zuten Gipuzkoan, 2008an. Nafarroan, Moderna plana urte berean.Antzeko zerbait nahi du SEA patronalak ere Arabarako: Araberri 2020 izeneko garapen ekonomikorako mahaia sortzea proposatu du. Enpresaburuak ez ezik, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, merkataritza ganbera eta Vital Kutxa ere egotea nahi du egitasmo horretan.

Gaur bi aste egindako agerraldian enpresen egoera zertxobait hobetzen ari dela esan zuen Eduardo Zubiaurre Adegiko presidenteak. SEAko Juan Jose Azurmendiren esanetan, Araban bestelakoa da egoera. Aurreko txostenetan aipatutako zantzu positibo guztiak geratu egin direla dio. Haren arabera, sei hilabetean — iazko azken hiruhilekotik aurtengo lehenera bitartean— aurreko hamar hilabeteetan errekuperatutako guztiaren %75 galdu da. «Atzeraldian gaudela erakusten du horrek», esan du.

Egoerari lotuta, negoziazio kolektiboaren erreformari egin dio erreferentzia. Egitura ekonomiko «malguagoa» eskatu du, soldatak eta ordutegiak ez daitezela mugiezinak izan. Azurmendiren arabera, sindikatu «eraikitzaileagoak» behar dira, eta «konfiantza sortzen duten administrazioak».

Ezustekorik ezean, Espainiako Gobernuak ostiralean onartuko du negoziazio kolektiboaren erreforma, sindikatuen eta CEOE patronalaren arteko akordiorik gabe. Horrek kezka sortzen diola adierazi du Azurmendik, «sindikatuen tesitik gertu dagoen» erreforma onar dezakeelako. «Oso testuinguru nahasi eta negatiboa sortuko luke horrek, eta egoera okertu besterik ez litzateke egingo». Negoziazioetan sindikatuak ez direla behar zuten mailan egon salatu du; aldiz, enpresaburuek proposamen arduratsuak egin dituztela dio. Haren arabera, neurri «drastikoak» behar dira.

ELAk eta LABek ez dute parte hartu negoziazioetan. Haien jarrera ere kritikatu du SEAk, metaleko lan hitzarmena ez sinatzeagatik. «Galtza motzetan ibiltzen nintzen garaitik ez dute sinatu metaleko lan hitzarmenik», esan du.

Sindikatuek ere susmoak

Kontrako iritzia dute sindikatuek: gobernuak enpresen alde egingo duela, alegia. «Negoziazioen emaitza zein izango zen hasieratik argi zegoen, patronalak badakielako gobernuak nahi duen guztia emango diola», azaldu du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Parlamentuko tramiteak gauzak okertu besterik ez dituela egingo gaitzetsi du. «Ateratzen den erreforma aterata ere, haren aurka egin beharko dugu. Sindikatuen erronka aldarrikapen terminoetan datza».

Euskadiko CCOOk ere azaldu du ez duela baztertzen mobilizazioak egitea. «Kontuz puzzleekin, kontuz Frankenstein gisako erreformak egitearekin; hemengo eta hango zatiak hartuta, inongo logikarik gabeko erreforma atera daiteke», esan dio Espainiako Gobernuari Unai Sordo idazkari nagusiak. Confebaski, berriz, «enpresaburu xuhurrenen jarrera» ez babestea galdegin dio. Sindikatuaren arabera, epez pasatakoan hitzarmenak bertan behera geratzea da proposatutako neurririk atzerakoienetako bat.

ELAri aipamena eginez, zehaztu du negoziazio kolektiboaren erreformaren xedea ez dela elkarrizketak Madrilen zentralizatzea, «nahiz eta sindikatu batzuek hori sinetsarazi nahi izan». Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa mailako negoziazio ereduaren alde egiteko eskatu die gainerako sindikatuei. Eredu horrek «arina, erabilgarria, solidarioa, enpresari lotutakoa eta lan hitzarmenak blokeatzen ez dituena» izan behar duela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.