Arabiarrak inbertitzeko prest

Arabiatik dator diru freskoa

Herrialde arabiarretako funts subiranoak Euskal Herriko enpresei begira jarri dira; Iberdrolaren %6,16 erosi zuten joan den astean, eta orain Aernnovaren zati bat erosi nahian dabiltzala diote informazio iturri batzuek

2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Arabiarrak modako daude. Iazko abenduaz geroztik, albiste iturri agorrezina dira. Gaurbai eta bihar ere bai, haientzat dira egunkarietako azalak, titular nagusiak eta orrialdeetako asko. Iraultza kutsuko albisteek dute lekurik gehiena: oraintsu arte protestek eta ospakizunek; orain, berriz, gerrak. Baina, horiez gain, arabiarrekin zerikusia duten beste albiste batzuek ere ikusi dute argia azken asteetan. Beste kutsu bateko berriek, gainera, kutsu ekonomikoa dutenek, hain zuzen. Libiako presidentearekiko gorrotoa ez baita oztopo beste arabiar batzuk maitatzeko; are gutxiago patrikak leporaino beteta badituzte.

Arabiarren txin-txin hotsa edozein liluratzeko gai da, eta orain inoiz baino gehiago, Mendebaldeak diru freskoa behar duelako, eta haiek badaukatelako. Horiek hala, Dohako, Dubaiko, Abu Dhabiko eta Kuwaiteko aireportuetan ia egunero lurreratzen dira gobernu ordezkari eta enpresaburuek osatutako espedizioak. Ez doaz turismoa egitera, baina, lehen begiratuan hala pentsa lezake norbaitek. Izan ere, hegazkinetik jaisterako, prest izaten dute beren irribarrerik ederrena, adeitsua izatea oso garrantzitsua baita herrialde haietan. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere halatsu joan zen urtarrilean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkataritza ganberetako ordezkariak eta laurogei bat enpresaburu hartuta. Eta irribarreaz gain, gutun bat ere eraman zuen, Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregeak Sheikh Hamad Bin Khalifa Al-Than Qatarko emirrari idatzitakoa. Euskal enpresei bere babes osoa ematen diela eta mesedez ondo hartzeko eskatzen zion eskutitzean.

Bizpahiru egun iraun zuen espedizio hark, eta askotarako eman zien. Qatar, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuetako agintariekin bildu ziren Eusko Jaurlaritzako ordezkariak; enpresaburuek, berriz, etorkizuneko negozio aukerak identifikatzeko, hango enpresaburuekin harremanak egiteko edota zintzilik zituzten proiektuak lotzeko baliatu zuten denbora, batzuentzat ez baitzen hara joaten ziren lehen aldia.

Gainera, lehendakaria hasi da han hitzartutako egitasmoetako batzuk martxan jartzen. SPRIk eta Industria Sailak gaur bertan aurkeztuko dute enpresei nazioartera joaten eta nazioarteko enpresei Euskal Herrira etortzen laguntzeko agentzia.

Edonor joateko prest

Oraindik ez dira asko han ordezkaritza bat jartzeko erabakia hartu duten euskal enpresak. Sener da adibide urri horietako bat. 2008an hango Masdar enpresarekin lanerako aliantza bat sinatu zuen eta egun proiektu garrantzitsuak dituzte batera. Eguzkitiko bero energia baliatzeko bi planta eraikitzen da egun Abu Dhabin, 460 milioi euroren truke.

Baina, arabiarrek atea irekiz gero, enpresa bat baino gehiago legoke Senerrek egindako bidea jarraitzeko prest. Eta atea dioenak, diru zorroa dio, begira bestela Iberdrolari. Iragan astean, 2.120 milioi euroren truke, Bizkaiko argindar konpainiaren %6,16 erosi zuen Qatarko inbertsio funts subiranoak; horrela, enpresako hirugarren akziodun bihurtu da, ACS eraikuntza enpresaren eta BBKren atzetik. ACSk %20,2ko partaidetza zuen orain artean eta %6,5ekoa BBK-k; aurrerantzean, %19koarekin konformatu beharko du Florentino Perezen taldeak.

Eta Iberdrolaren zati bat erostea hasiera baino ez da, milaka miloi euro inbertitzeko prest baitaude Pertsiako Golkoko funts subiranoak. Funts horiek erakunde publikoak dira, eta beren gobernuek petrolioa eta gasa saltzetik ateratzen duten dirua mundu guztiko aktibo errentagarrietan inbertitzea da beren lana. Sovereign Wealth Funs Instituteren arabera, Abu Dhabiko Investment Authority funtsak 627.000 milioi dolarren aktiboak kudeatzen ditu, IPIC International Petroleum Investment Companyk,48.000 milioi dolarrenak, eta QIA Qatar Investment Authorityk 85.000 milioi dolarrenak. Horiek dira Europan inbertsiorik handienak dituzten funts arabiarrak.

Behin interesatzen zaien enpresako partaidetza bereganatuta, ez dira zarata handiegia atera zale. Aurretik lanean ari zen kudeatzaile taldearen esku uzten dute enpresaren gidaritza eta askotan ez dute administrazio kontseiluan eserlekurik ere eskatzen. Qatarko funtsak, esaterako, Harrods saltoki handiak oso-osorik erosi zituen iaz, eta egun oraindik aurreko jabeak, Mohamed Al-Fayedek jarritako zuzendaritzako taldea ari da lanean.

Baina, ez dute nahikoa nonbait, eta inbertsioak egiten jarraitu nahi dute, hurrengo belaunaldien ongizatea ziurtatzeko. Orain horrenbeste diru ematen dien lehengaia ez da agorrezina, eta hura bukatzen zaienerako ekonomia dibertsifikatu eta lehiakorra egituratu nahi dute. Horregatik, batetik bestera ibili ohi dira, eskaintza interesgarrienen bila. Orain hilabete gutxi, Erresuma Batuko eta AEBetako enpresen txanda izan zen; Qatarko funtsak Barclays banku britainiarraren partaidetza bat erosi zuen eta Citigroup estatubatuarrarena Abu Dhabikoa. Orain, berriz, Espainiari egokitu zaio txanda. Cepsan falta zitzaion %53 erosi du IPICek, Santander bankuaren Brasilgo adarraren %5 bereganatu du Qatarrek eta aurrezki kutxetan 450 milioi euro inbertituko dituztela agindu diote Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari.

Eta ez da zaila jakiten zein enpresetan sartu nahi duten dituzten, gobernuentzat garrantzitsuak diren sektoreetako enpresa liderrak baitituzte gogokoen, energia, azpiegitura, banaketa, aeronautika, eraikuntza eta logistika enpresak eta bankuak, besteak beste.

Aernnova jopuntuan

Eta begi guztiak Aernnovari begira jarri dira. Enpresak ezer ez du baieztatu, eta zenbait informazio iturriren arabera, ukatu ere egin du inorekin ezer negoziatzen ari denik. Baina, apenas inor konbentzitu duen. Gainera, hedabideren batek kaleratu duenez, Abu Dhabiko Mubadala funtseko presidentea, Khaldoon Khalifa Al Mubarack, Euskal Herrirako bidaia aste batzuk aurreratzekotan omen dabil. Lopez lehendakariari hitz eman zion maiatzean etorriko zela, baina oso litekeena ei da hilabete lehenago hemen izatea. Horrek indarra ematen dio Aernnova erostekotan dabilen zurrumurruari. Eta zenbaitzuk operazioaren nondik norakoak aurreratzera ausartu dira dagoeneko, zenbaki eta guzti.

Diotenez Iñaki Lopez Gandasegi presidentearenak eta zuzendaritza taldearenak ez diren akzioen %71 erosi nahi ditu Mubadalak. Akzio horiek Caja Castilla La Mancharenak (%23), Banco Espirito santorenak (%26), EBN negozio bankuarenak (%11) eta Isoluxenak (%11) dira egun, baina horiek guztiek bateraeman diezaioketen likidezia baino gehiago emango dio Abu Dhabiko funtsak. Hori interesgarria litzateke Aernnovarentzat, orain finantzatu ezin dituelako baztertzen dituen proiektuak eskuragarri izango lituzkeelako, eta orain arteko akziodunei ere ez litzaieke gaizko etorriko dirua. Operazioa ixtetik oso gertu legoke, gainera.

Hori guztia gauzatzera, Aernnova orain baino enpresa sendoagoa izango litzateke eta edozertarako gaitasun handiago izango luke. Haren gertuko iturrien arabera, baina, konpainiak ez luke egoitza soziala eta erabakiak hartzeko gunea Abu Dhabira lekualdatuko. Diru laguntza batzuen truke, Gamesak aspaldi hitz eman zion Eusko Jaurlaritzari Gasteizen geratuko zela, eta dirudienez, kapitala arabiarrak ez du hori aldatuko.

Aernnova oso eskaintza tentagarria da Mubadalarentzat, besteren artean, erakunde publikoen babesa duelako. Haren eta aeronautika sektoreko gainontzeko enpresen arazo nagusia finantziazioa topatzea izaten da. Eskaera bat jasotzen dutenean, beren patrikatik jarri behar izaten dute hura fabrikatzeko behar duten dirua, eta piezak entregatzen dituztenean kobratzen dute zor dietena. Horregatik, dituzten finantza baliabideak gainditzen dituen eskaerei ezezkoa eman beharra ere izan dute noizbait, inork ez dielako dirurik aurreratu nahi. Orain gutxi, esaterako, Aernnovari 129 milioi euroren mailegua interesik gabe emateko agindu zion Europako Batzordeak Espainiako Gobernuari. Mailegua eta aldi berean diru laguntza ere izan da, 37,5 milioi euro aurreztuko baititu ordaindu behar ez dituen interesetan. Diru horrekin, Airbusen etorkizuneko A350 XWB ereduarentzat atzealdeko aleroia fabrikatzeko gauzak prestatzen hastea pentsatzen zuen. Aernnovak 3.000 milioi euroren kontratuak ditu sinatuta Airbusekin, A350 eredua ekoizteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.