Araudia aldatu ezean, «Espainian» jarduteari utzi beharko dio Gamesak

Hazteko gaitasuna egon arren, arau egonkorren faltak proiektuak geldiarazten dituela dio Jorge Calvet presidenteak

2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iragarpen gogorra egin du Jorge Calvet Gamesako presidenteak. Datozen hilabeteetan Espainiako araudia erabat aldatu ezean, berak zuzentzen duen enpresak han jarduteari utzi egin beharko diola adierazi du. Kontua da, Calvetek Espainia dioen lekuan Hego Euskal Herria ere sartzen dela, eta Gamesak alde egingo balu, hemengo ekonomiak antzemango lukeela. Espainian eta Hego Euskal Herrian bere negozioaren %10 du haize erroten ekoizleak.

Egun, Zamudioko egoitza nagusiaz gain, beste sei fabrikazio lantegi ditu Hego Euskal Herrian: Bizkaian bat, Mungiakoa; Gipuzkoan beste bat, Asteasukoa; eta Nafarroan lau, Olatzagutikoa, Imarkoaingoa, Agoizkoa eta Tuterakoa. Ia 2.000 lagun aritzen dira lantegi horietan guztietan.

2011tik 2013ra arteko negozio egitasmoak aurkezteko atzo Madrilen egindako agerraldian egin zituen adierazpen horiek Calvetek. Haren esanetan, bere konpainiak hilabeteak daramatza araudi egonkor bat eskatzen, horrek haize energiaren sektoreari hazten jarraitzea ahalbidetuko liokeelakoan. Horretarako aukera handiak daudela uste du Gamesako presidenteak. «Haizearen baliabide asko ez ezik, 13.000 edo 14.000 megawatt berri garatzeko potentziala dago oraindik». Baina, horretarako, Espainiako Gobernuak mix energetikoa deritzona definitu beharra daukala dio.

Europa hegoaldeko jarduera falta nabarmentzen du bere negozio planean. 2011tik 2013ra Espainian duen ekoizteko gaitasuna 2.200 megawattetik 1.000ra murrizteko asmoa du, gainera. Iragan astean, enplegua erregulatzeko dosierra ere aurkeztu zuen, eta Administrazioak onartzera,309 langileri eragingo lioke maiatzera bitartean. «Lan taldeari buruzko erabakiak, emaitzen bilakaeraren arabera» hartuko dituztela azaldu zuen Calvetek. «Ez nuke ausartu nahi esatera aurten zenbat langileri eragin diezaieketen murrizketek. Dena dela, langileak kentzen baino gehiago, langileko megawatt gehiago ekoizten saiatuko gara».

Puntu ilunak baditu, baina, oro har, Gamesak plan handizalea prestatu du datozen hiru urteotarako; besteren artean, negozioa %15 handitu nahi baitu. 2010ean 2.400 eta 2.500 megawatt artean saltzea espero du;2013an, berriz, 4.000. Modu berean, salmentetatik lortzen duen irabazi tartea handitu nahi du: orain %4,5 eta%5,5 arteko marjina ateratzea lortzen badu, 2013an %6 eta %7 artekoa izatea nahi du.

Dena dela, ezin esan negozio planak oso harrera ona izan duenik. Herenegun, enpresako ordezkariak Londresen izan ziren 2013ra arteko asmoak hango inbertsiogileei aurkezten, eta agerraldiaren ostean sekulako balio galera izan zuten Gamesaren akzioek burtsan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.