Gipuzkoako Ogasun Departamentuak espero baino diru sarrera txikiagoak izan ditu 2011n. Beraz, aurreikuspenen eta benetako diru sarreren arteko aldea orekatzeko neurriak hartu beharko ditu orain. Eta neurri horiek, Diputazioari berari ez ezik, udalei ere eragingo diete, jasotako diruaren zati bat itzuli egin beharko baitute.
Hainbat udalek diru arazo larriak dituzte, ordea, eta zailtasun handiak diputaziotik jasotako diruaren zati bat berriz ari itzultzeko. Horregatik, «muturreko egoeran» dauden udalen kontuetan esku hartzeko aukera planteatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hasiera batean, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren 2011ko likidazioari dagokion dirua bueltatu ezin duten udalei baino ez lieke eragingo horrek.
Helena Franco Ogasun diputatuak atzo azaldu zuenez, udalek otsailean itzuli beharko dituzte likidazio horri dagozkion 49,7 milioi euroen erdiak. Gainontzekoa, berriz, beste hiru epetan: maiatzean, abuztuan eta azaroan. Ordainketa horiek egin ahal izatea errazteko diputazioa hainbat finantza erakunderekin maileguak emateko aukera negoziatzen ari dela jakinarazi zuen Francok. Kreditu lerro horri esker, udalek 2014ra arte atzeratu ahal izango dituzte amortizazioen eta interesen ordainketak.Mailegu horiek Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren bermea izango lukete.
Parte hartze zuzena
Dena dela, Gipuzkoan badira zailtasun handiagoak dituzten udalak ere, «egiturazko arazoak dituztenak», Francoren hitzetan. Udal horien egoera aztertzeko, 2012ko aurrekontuen kudeaketan parte hartzeko eta finantzetan, egituran eta arlo sozioekonomikoan dituzten urritasunak konpontzen laguntzeko prest legoke foru aldundia.
Diputazioak ez du inor behartuko; borondatezko laguntza programa izango da, beraz. Baina, Francok zehaztu zuenez, laguntza eskatzen duten udalek «udalerriari dagozkion erabakietan diputazioak parte hartzea onartu beharko dute, ondorio guztiekin». Ez zuen argitu zenbat udal dauden egoera horretan. Soilik aurreratu zuen alkate bakoitzari inprimaki bat eman diola udal bakoitzaren egoeraren inguruko datu zehatzekin betetzeko. Datu horiekin, udal bakoitzaren egoera zein den jakin ahal izango du Gipuzkoako Ogasun Departamentuak.
Francok onartu zuen alkateei egindako planteamendua «zorrotza» dela, baina, haren irudiko, beharrezkoa da egungo egoerara egokitutako irtenbideak proposatzea. Esan zuen iraganeko formulek ez dutela balio, esaterako, ordainketa atzeratzeko 2009an onartutako arauak.
Martin Garitano ahaldun nagusiak jakinarazi zuen diputazioak konpromisoa hartu duela Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren banaketa berrikusteko eta Ekarpen Legearen negoziazioetan banaketa orekatuago baten alde egiteko.
Arazoak dituzten udaletan esku har dezake Gipuzkoak
Udalek maileguak eskatu ahal izango dituzte foru aldundiari dagokiena bueltatu ahal izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu