Fiskalitatea

Arazoak paradisuan

Milioika agiriko filtrazio batek agerian utzi ditu paradisu fiskalak erabiltzen dituzten enpresak, multinazionalak eta aberatsak. ICIJ kazetaritza partzuergoa ari da Paradisuko Paperen informazioa landu eta ematen.

Bermudako hondartza bat. CJ GUNTHER / EFE
Irune Lasa.
2017ko azaroaren 6a
16:03
Entzun

Zer dira Paradisuko paper delakoak?

2016. urtean Alemaniako Suddeustsche Zeitung egunkariak lortutako dokumentu sorta bati eman zaie Paradise Papers (Paradisuko paperak) izena. Panamako paperekin gertatu zenaren antzera, egunkariak ez du inolako argibiderik eman agiriak isuri dituen pertsona edo taldeari buruz. Behin informazioa emanda, iturriak ez du beste zereginik izan paperen azterketan. Guztira 13,4 milioi agiri dira.

Zer da ICIJ eta zer egin du kontu honetan?

Suddeustsche Zeitungek ICIJ (International Consortium of Investigative Journalist) nazioarteko ikerketa kazetaritzako sareari elkarlanean aritzea proposatu zion milioika agiriak behar bezala aztertu ahal izateko; Panamako paperekin ere partzuergoan egin zuten lan komunikabideek eta kazetariak. Paradise Papers hauekin 67 herrialdetako ehun bat komunikabide aritu dira elkarlanean.

Zer dago paperetan?

Hiru zati handitan bana daitezke 13,4 milioi agiriak: 6,8 milioi paper Appleby abokatu kabinetearen eta haren parte izandako Estera konpainiaren barne agiriak dira. Beste 566.000 paper Asiaciti Trust kabineteko barne agiriak dira; eta gainerako 6,2 milioi agiri 19 paradisu fiskaletako merkataritza erregistro konfidentzialetako agiriak dira. Agiri zaharrenak 50etako urteetakoak dira, eta berrienak 2016. urtekoak.

Zer da Appleby?

Egoitza nagusia Bermudan duen nazioarteko abokatu kabinetea da Appleby. 1890eko hamarkadan sortua, gaur egun, sektoreko hamar konpainia handienen artean dago. Hamar egoitza ditu munduan zehar, guztiak paradisu fiskaletan. Aholkularitza eta laguntza ematen die enpresei, finantza erakundeei eta jende aberatsei offshore jurisdikzioetan konpainiak ilunak erregistratu eta, horrela, besteak beste, zerga gutxiago pagatu ahal izateko. Paperetan ikusten denez, Applebyren bezero gehienak estatubatuarrak dira eta asko dira britainiarrak ere.

Zer da Asiaciti Trust?

Konpainia eta egitura ilunak sortzen dituen beste kabinete bat da. Singapurren du egoitza nagusia eta bulegoak ditu zenbait paradisu fiskaletan.

Zer dira offshore konpainiak?

Jatorrizko herrialdean zerga gutxiago pagatzeko, edota zergarik batere ez pagatzeko beste jurisdikzio abegikorrago batzuetan sortzen diren entitate ilunak, opakoak. Sozietateak izan daitezke, funts fiduziarioak, interes pribatuko funtsak... Dirua pilatzeko balio dezakete, erosketak egiteko, mozkinak desbideratzeko...

Eta zein dira paperetan agertzen direnak?

Aste honetan zehar joango dira ICIJeko hedabideek informazio gehiago plazaratzen. Oraingoz, besteen artean, Elizabeth II.a Ingalaterrako erregina agertu da Paradisuko paperetan. 10 milioi libera (11,3 milioi euro) lituzke offshore konpainietan. Maddona kantaria, U2 taldeko kantari Bono, Kolonbiako presidentea Juan Manuel Santos, Argentina Finantza ministroa, Brasilgo bi ministro, Kanadako lehen ministroaren konfidantzazko gizona... Donald Trumpen administrazioko buru bat eta Vladimir Putinen suhia offshore konpainia bateko partaide gisa ere agertu dira. Era berean, Glencore, Apple eta Nike multinazionalei buruz agiriak ere badaude paperetan.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.