Azpiegitura teknologiko gehiago eratzeko bidean munduko altzairu ekoizlerik handiena bidelagun izatea lortu du Eusko Jaurlaritzak. ArcelorMittal taldeak Bizkaian jarriko du altzairua ikertzeko zentro berria. Inbertsioa, ehun milioi euro datozen bost urteotan, erdibana jarriko dute Jaurlaritzak eta ArcelorMittalek.
Altzairua ikertzeko zentroaren sorrera joan den ekainaren 20an Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek ekonomia suspertzeko iragarri zituzten neurrien artean dago. Atzo, proiektua martxan jartzeko hitzarmena sinatu zuten administrazioko ordezkariek eta enpresako kideek. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta Ana Agirre Industria sailburuak parte hartu zuten ekitaldian. ArcelorMittalen izenean, berriz, Gregory Ludkovsky I+G atalerako presidenteordea, eta Gonzalo Urkijo zuzendaritzako kidea aritu ziren.
Oraingoz, zentroa non ipiniko duten ez du argitu multinazionalak. Hori bai, Urkijok Bizkaian izango dela baieztatu zuen sinadura ekitaldiaren ondotik, eta Loiuko aireportutik hurbil egongo dela aurreratu. Urtea amaitu baino lehen zentroa lanean egongo dela iragarri du enpresak. Guztira, lanaldi osoko 45 ikerlari izango ditu. Egun taldeak EAEn I+Gra bideratzen duen aurrekontua bost aldiz biderkatuko da azpiegiturari esker.
Ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko beste hamalau gune ditu ArcelorMittalek Europa, AEB, Kanada eta Brasilen. Edonola ere, Euskal Herrikoak ezaugarri bereziak izango dituela ziurtatu dute. Hain zuzen ere, altzairu produktu luzeak hobetzeko helburua izango du, talde osoarentzat. Urkijok berrikuntzaren beharra aldarrikatu zuen, eta horren erakusle egun konpainiak ekoizten dituen altzairu produktu luzeen %90 eta laburren %50 duela hamar urte ez zeudela aipatu zuen.
Arcelor eta Mittal Steel enpresen bat-egite gatazkatsutik sortu zen ArcelorMittal, orain dela bi urte. Gaur egun, 320.000 langile eta 60 herrialdetan lantegiak dituen multinazional erraldoia da. Aurten, urteko lehen sei hilabeteetan, 5.700 milioi euroko irabaziak izan ditu.
Euskal Herrian presentzia zabala du taldeak, besteak beste, lantegi produktiboak dituelako Bizkaian (Sestao, Etxebarri eta Galdakao), Gipuzkoan (Olaberria, Bergara eta Zumarraga), eta Nafarroan (Lesaka, Berriobeiti eta Legasa). Alta, Legasako lantokia itxi eta produkzioa beste bietara eramateko asmoa du. Zentro teknologikora bideratuko dituen 50 milioi euroetatik aparte, 2011. urtera bitartean Euskal Herrian beste 54 milioi inbertituko dituela iragarri zuen joan den uztailean.
Krisiaren aurkako ekimena
Ibarretxe lehendakariak egoera ekonomikoarekin lotu zuen akordioaren sinadura. Haren irudiko, nazioartean krisia nagusi den garaietan, apustu estrategikoak hartzea beharrezkoa da, eta orain berrikuntzari heltzeko tenorea dela defendatu zuen. «Duela hogei urte ahalegina lantegiak erakartzea zen, orain ikerketa zentroak erakarri nahi ditugu».
Era berean, altzairugintza etorkizuna duen sektorea dela ziurtatu zuen Ana Agirre sailburuak. Agirreren ustez, industriak egun euskal ekonomian duen pisuari eustea ezinbestekoa, eta horretan sektoreak zeresan handia du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, hain zuzen ere, ia 7.000 lanpostu ditu.
Ikerketa zentroa ArcelorMittalekin elkarlanean sustatuko bada ere, sektoreko beste enpresak ere horretaz baliatzeko aukera izango dutela ziurtatu zuen Gonzalo Urkijo multinazionaleko ordezkariak.
Duela 20 urte lantegiak ekartzen genituen, orain teknologia zentroak erakarri nahi ditugu»
juan jose ibarretxe
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
«Talde osoan altzairu produktu luzeak berritzeko lan egingo duen gune bakarra da»
Gonzalo Urkijo
ArcelorMittaleko zuzendaritzako kidea
ArcelorMittalen ikerketa zentroak 100 milioiko inbertsioa izango du
Urtea amaitu baino lehen martxan jarriko da, Bizkaian, eta lanaldi osoko 45 ikerlari izango ditu beharrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu