Hiru aste behar izan ditu Lopezek ziur egoteko Basagoitirekin argazkia ateratzeak ez diola kosturik ekarriko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren gehiengoarentzat, argazkia kaskarra da, eta halakoa da burtsak errealitateari buruz ematen ari diren irudia. Azken bi egunotan beheraka egin dute nabarmen, eta atzo, berri txarrak falta ez ziren arren -NDFren aurreikuspen beltzak eta Morgan Stanleyren 177 milioi dolarreko galerak-, %2ko inguru egin zuen gora. Argazki desenfokatuaren beste bi adibide gure inguruan: Iberdrolak %2,28ko igoerarekin ospatu zuen irabazien %34ko jaitsiera -emaitza okerragoak espero zituzten analistek- eta CAFek beste hainbat egin zuen gora (%2,22), bagoiak egitea modan dagoen arren -%9 igo zaio mozkina lehen hiruhilekoan-. Munduko autogilerik sendoenak ere, Volkswagenek (+0,63), katarroa hartu du, mozkina %74 gutxitu baitzaio.
Cie Automotivek (%2,43) ozta-ozta eutsi die mozkinei, urteko lehen hiru hilabeteetan 200.000 euro irabazita (-%98,6). Negozio kopurua heren bat gutxitu zaio autogintzako osagaien egileari, baina fabrikei stock-ak agortzen ari zaizkiela eta «ekoizpena eskariari egokitzen ari dela» iruditzen zaio.
Carrefourrek (+%1,14) Carrefour Discount marka zuri berria sortu du, salmenten %5,1eko jaitsierari aurre egiteko, eta garesti ospea gainetik kentzeko. Oinarrizko 400 produktu izango dira eta maiatzaren amaieran izango dira salgai Ipar Euskal Herrian.
Argazki desenfokatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu