Zerga sistema

Argi gehiagorik ez iruzurraren kobazuloa ikertzeko

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du zerga iruzurraren behatoki independentea sortzeko proposamena, EAJren, PSE-EEren eta PPren botoekin.

Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak defendatu du zerga iruzurraren behatokia sortzeko proposamena. Irudian, beste osoko bilkura bateko agerraldia. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2017ko martxoaren 9a
07:38
Entzun 00:00:0000:00:00

"Deseroso sentitu gara, linterna oso moderno bat izango bagenu bezala, baina kobazulo oso ilun batean ikertzeko potentziarik ez duena". Mari Carmen Gallastegi Ekonomiako katedradunaren hitzak dira. Gallastegik eta beste bi katedradunek —Ignacio Zubirik eta Javier Fernandez-Machok— EAEko zerga iruzurrari buruzko txostena egin zuten iaz. Iruzurraren aurkako borrokan daude gabeziekin kexu agertu ziren ikertzaileak. Besteak beste, behatoki independentea sortzea proposatu zuten, ikertzen eta ikuskatzen jarraitzeko. Kritikak ez zitzaizkien batere gustatu foru aldundiei. Iruzurraren aurka gardentasunez ari direla adierazteko ohar bateratua atera zuten, ohiz kanpoko ekinbide batean, eta erabat errefusatu zuten behatokiaren ideia, aldundiek eurek osatzen duten iruzurraren aurkako batzordeak dagoeneko lan hori betetzen duela ziurtatuta.

Behatokiaren eztabaida itzuli da gaur Eusko Legebiltzarrera, EH Bilduk organo berriaren sorrera bideratzeko aurkeztu duen legez besteko proposamen baten bidez. Iruzurra kuantifikatzea, horren aurkako neurriak proposatzea, eta aldundiek kobratzerakoan egiten duten lana ebaluatzea izango lituzke eginkizun organo horrek, besteak beste. Elkarrekin Podemosek zuzenketa bat aurkeztu zion jatorrizko testuari, eta bi taldeek erdibideko testu bat adostu eta aurkeztu dute. Ez da aurrera atera, ganberako gainerako alderdien kontrako botoa jaso duelako.

Jauzi "kualitatiboa"

"Kontua da ezagutzea zeintzuk diren iruzurraren bideak eta nola egin ahal zaion aurre horri"; hala laburbildu du EH Bilduko Leire Pinedok, legez besteko proposamenaren aurkezpenean. Ogasunari izkin egiten diotenei aurre egiteko tresna gehiagoren beharra azpimarratu du, katedradunek agertu zituzten zalantzetan oinarrituta. Haren ustez, iruzurraren aurkako borrokan "sinesgarritasuna" handitu behar da, eta behatokia sortzea "jauzi kualitatiboa" litzateke.

Antzeko argudioak erabili ditu Elkarrekin Podemoseko Julen Bollainek. Gogora ekarri du dagoeneko aldundiek badutela batzorde bat, baina horren emaitzak hobetzea posible dela uste du. "Sistema ez da ematen ari beharko liratekeen emaitzak", ohartarazi du Bollainek.

Ezkerreko alderdien argudioek ez dituzte konbentzitu Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiak eta PP. EAJko Josune Gorosperen aburuz, dagoeneko iruzurraren aurkako batzordean egiten den lana "bikoiztu" nahi da. Haren ustez, ez da beharrezkoa, eta lan hori kanpora atera nahi izatea beste alor batzuetan EH Bilduk defendatu dituen jarreren "kontrakoa" da. Aldundiengan eta batzordearengan konfiantzarik ez izatea egotzi die proposatzaileei. "Susmoz eta konfiantzarik ezaren ikuspuntutik abiatu zarete", leporatu die. Azkenik, "independentetzat" zer ulertzen duten argitzeko galdegin die.

Katedradunen txostena PSE-EEk aurrekontuei aurkeztu zien zuzenketa batek ahalbidetu zuela gogoratu du sozialisten eledunak, Alexia Castelok. Katedradunek 2014. urtera bitarteko egoera aztertu zuten, baina ordutik hona urtero iruzurraren aurkako txosten bateratua egin du batzordeak. Casteloren ustez, horrek erakusten du lan egiten ari dela alor horretan. "Pareko funtzioak lituzkete, eta ez dirudi oso arrazoizkoa beste organo bat sortzea". Iruzurraren aurkako pedagogian ez laguntzea ere leporatu die EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi, aurrera egiten ari dela ez esateagatik. "Gehiago egin liteke, bai, baina asko egiten ari da".

Azkenik, PPko Anton Danboreneak behatokia babestea baztertu du, gastu publiko handiagoa eragingo lukeelako. "Gastu hau handitzeak ez luke ezer hobetuko iruzurraren aurkako borrokan", haren hitzetan. Era berean, ogasun ikuskariak "aski independenteak" direla azaldu du, eta haiek egin beharreko lana dela behatokiari eman nahi zaiona. "Ikuskari gehiago eskatzen badituzue, nik babestuko zaituztet", esan die Danboreneak ezkerreko alderdiei.

3.700 milioi batu gabe

Zerga iruzurrari neurria jarri zion ikerketak. Urtero 3.700 milioi euro batu gabe geratzen dira administrazioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hamar eurotik sei EAEko ogasunen eskumena diren alorretan galtzen dira. Hau da, gastu publikorako 2.320 milioi kentzen dizkie iruzurrak Eusko Jaurlaritzari, foru aldundiei eta udalei.

Txostenak ekonomia ezkutuaren tamaina azaleratzeko asmoa zuen, ondorio produktiboak dituzten baina ogasunei eta Gizarte Segurantzari isilpean gordetzen zaizkien jarduerak. BPG barne produktu gordinaren %17 inguru da ekonomia ezkutu hori Araban, Bizkaian eta Bizkaian. Dirutan, 10.000 eta 11.000 milioi bitarte. Ikerketa egiteko metodologiaren ondorioz, iruzurraren beste forma batzuk ez ziren aztertu. Zerga ingeniaritza, irabazien lekualdatzea edo atzerrian dauden eta aitortzen ez diren errentak azterketatik kanpo geratu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.