Ezohiko zerga

Argindar enpresek helegitea jarri diote ezohiko zerga berriari

Zerga berria «diskriminatzailea eta bidegabea» dela uste dute, baita giltzarri den sektore horri «kalte egiten» diola ere. Bankuei eta energia enpresei jarritako zergari esker, Eusko Jaurlaritzak 400 milioi euro jasoko ditu bi urtean, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, 100 milioi.

Ignacio Galan, Iberdrolako presidentea, artxiboko irudi batean. J.J.GUILLEN / FOKU
inaut matauko rada
2023ko otsailaren 16a
18:09
Entzun

Atzo banku handien patronalek egin moduan, argindar enpresa handien patronalak —Aelecek— helegitea jarri dio gaur Espainiako Gobernuak onartutako ezohiko zergari, Espainiako Auzitegi Nagusian. Zerga berria «diskriminatzailea eta bidegabea» dela uste dute, baita giltzarri den sektore horri «kalte egiten» diola ere.

Gaur egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko, kutxak gehiago bete nahi dituzte PSOEk eta Unidas Podemosek, eta horregatik onartu zuten iaz energia enpresei eta bankuei bi urteko ezohiko zerga bat ezartzea. Egoera berezi honetan etekin handienak ateratzen ari diren enpresak direla argudiatu du Espainiako Gobernuak, eta ez dabiltza oker: azken asteetan 2022ko balantzeak argitaratzen ari dira enpresak, eta inoizko irabazi handienak izan dituztela argitaratu dute gehienek.

Ikusi gehiago:Eusko Jaurlaritzak maiatzean espero du Madrildik zergen partea jasotzea.

Zerga horiek bi sektoreetako enpresa handienei ezarriko dizkiete. 2019an 1.000 milioi euro baino gehiago fakturatu zuten energia enpresek ordaindu beharko dute, Espainiako negozio bolumenaren %1,2. Bankuen kasuan, 2019an 800 milioi euro baino gehiago jaso zituzten enpresek ordaindu beharko dute, %4,8 Espainian kobratutako interesen eta komisioen gainean.

Madrilek jasoko ditu zergak, eta, ondoren, autonomia erkidegoei banatuko zaizkie. Eusko Jaurlaritzak bi urteetan 400 milioi inguru jasotzea espero du, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, 104 milioi bat euro.

Repsolen irabaziak, gora

4.251 milioi euroren irabazi garbiak izan zituen Repsolek 2022an, 2021ean baino %70,1 gehiago; erregaien prezioen igoerak bultzatu du batez ere irabazien igoera hori. Josu Jon Imaz kontseilari ordezkariak, berriz, 4,13 milioi euro irabazi zituen iaz, 2021ean baino %3,5 baino gehiago.

Imazek adierazi du 2021ean eta 2022an izandako irabaziek ez dituztela estaltzen aurreko bi urteetan izandako galerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.