KPI-a

Argindarra garestitu izanak %1,3ra igo du inflazioa

Iaz urtebetean %13,4 merkatu zen argindarra, eta %1,2 igo da abendutik urtarrilera. Urte hasieran ohi denez, gora egin dute, halaber, edari eta tabakoen eta garraioen prezioek, baina gutxiago, eta, oro har, behera egin dute, urte hasierako merkealdiaren eraginez.

Argindar gune bat, Gipuzkoan. GORKA RUBIO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko otsailaren 14a
14:50
Entzun

Aurreko azken seihilekoan hondoa jo ondoren, goranzko bidean da inflazioa, eta %1,3an kokatu da Hego Euskal Herrian. Bereziki etxebizitzetako argindarraren garestitzeak eragin du igoera, alor horretan 2019n izandako prezioen beheranzko joera etenda —urtebetean %13,4 merkatu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %10 Nafarroan—.

Abendutik urtarrilera, %1,2 igo da etxeetarako energien prezioen indizea —bereziki, argindarraren garestitzearen eraginez—. Urteko garai berean ohi denez, gora egin dute, halaber, edari eta tabakoen eta garraioen prezioek, baina neurri txikiagoan.

Dena den, abenduko prezioekin alderatuta, oro har, -%1,1 merkatu da erosketa saskia. Modu nabarmenean, arropa eta oinetakoen prezioak (-%15) —merkealdia dela-eta—, eta neurri apalagoan, aisialdiarekin eta kulturarekin loturiko produktuak (-%2,3) eta hotel, jantoki, eta sendagaienak.

2019ko urtarrileko datuekin alderatuta, erosketa saskiaren prezioa garestitu egin da, baina gorabehera handirik gabe sektorerik gehienetan (%1,3, batez beste), etxeetako energiarenean izan ezik, eta, bereziki, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: argindarra -%3,6 merkeagoa da iazko urtarrilean baino; Nafarroan, berriz, -%2,4. Aldiz, iazko prezioekin konparatuta, elikagai eta edari ez-alkoholdunak igo dira gehien: %2,8.

Erosteko ahalmena

Hego Euskal Herrian inflazioak urteak daramatza %2tik behera, EBZ Europako Banku Zentralak egokitzat jotzen duen mailatik behera. 2016an gerturatu zen (%1,6), baina, orduz gero, hortik beherako maila batean egonkortu da: %1,1ean 2017an eta 2018an, eta %1,2an iaz.

Erosteko ahalmenari dagokionez, berriz, oro har Hego Euskal Herriko herritar gehienek ez dute galerarik izan. Pentsioek KPIaren gaineko igoera izan dute (%1,6), eta langile publikoek, %2,5. Bestalde, indarrean dauden eta iaz berritu ziren lan itunek —langileen %49ri eragiten diete, EAEko Lan Harremanen Kontseiluaren arabera— inflaziotik gorako soldata igoera izan dituzte: %2,01 eta %2,31, hurrenez hurren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.