Argindarraren faktura merkatzeko BEZa jaisteak ez du oinarrian dagoen arazoa konpontzen, eta Espainiako argindar sistemak erreforma sakon bat behar duela pentsatzen dute oraindik ere Espainiako Gobernua babesten duten talde parlamentarioek, besteak beste, EAJk eta EH Bilduk, sindikatuek eta kontsumitzaileen elkarteek.
Gobernuak ostegun honetan onartu du argindarraren BEZa % 21etik % 10era jaisteko dekretua, eta larunbatetik aurrera egongo da indarrean, urtea amaitu bitarte. Neurri hori hartu behar izan du Madrilek argindarraren fakturan izaten ari diren gorakadei eusteko. Erabakia, halere, baldintzatua izango da: kontratatutako potentzia hamar kilowattekoa baino txikiagoa dutenei eragingo die soilik, eta elektrizitatearen handizkako merkatuaren hileko prezioa orduko megawatt bakoitzeko 45 eurotik gorakoa den hilabeteetan -aste honetan 86 eurotan egon da batez beste-. Neurri horrekin, kontsumitzaile arrunt batek sei euro inguru aurreztuko ditu hilean; horri gehitu behar zaio elektrizitatea sortzeko zergan egingo den murrizketa (%3-5ekoa), hiru hilabetez.
Argindarraren prezioaren igoeraren atzean hainbat faktore daude: funtsean, osasun krisiak hobera egitearekin batera, jarduera ekonomikoa suspertu egin da, eta horrek eta egunotako beroaldiak argindar gehiagoren beharra eragin du. Horretarako, konpainiek sortzeko garestiagoak diren energiak erabili behar izan dituzte, gasa erabiltzen duten ziklo konbinatuko plantetakoa, adibidez, eta horrek igo egin du merkaturatzen duten argindarraren prezioa, eta, ondorioz, baita kontsumitzaileen faktura ere. Espainiako Gobernuak bi lege egitasmo aurkeztu ditu elektrizitatearen merkatuan aldaketa batzuk egiteko, baina, egungo egoerak behartuta, BEZaren jaistearen bidea hartu behar izan du, gogoz kontra.
Aitor Esteban EAJren bozeramailearen ustez, erabaki «azkar» bat da, urte amaieran berrikusi beharko den «adabaki bat», eta, gainera, administrazioen diru bilketan okerreko eragina izango du: 875 milioi euro inguru, gobernuak berak aitortu duenez. Diputatu jeltzalearen ustez, sistema elektrikoaren erreformari heldu beharko litzaioke, berriztagarrietarako trantsizioa indartzeko eta argindarraren faktura garestitzen duten energia zikinagoen erabilera gutxitzeko. Halaber, uste du hori bateragarria dela beste neurri batzuekin: gasa merkeagoa den garaietan biltegiratzeko aukerak erraztearekin, adibidez.
EH Bilduko Oskar Matuteren ustez, Madrilgo gobernuak BEZa jaitsita «tiratxo bat jarri du zaurian»: «Ezer baino hobea da, baina plazebo bat da; koalizio gobernuak ausardia handiagoz jokatu beharko luke». Haren esanetan, merkatu elektrikoan «esku hartu» beharko luke, konpainien oligopolioa amaitzeko.
Horren harira, Ruben Sanchez Facuako idazkari nagusiak salatu duenez, helburu hori duten egitasmoak «geldiarazten» ari da PSOE: «Edo ez ditu martxan jarri nahi, edo ez da ausartzen martxan jartzera». BEZaren jaitsieraren inguruan, gogorarazi du hilabete batzuetarako bakarrik egongo dela indarrean, eta, gainera, baldintzatuta egongo dela, eta gogorarazi du enpresa elektrikoak ere onuradun izango direla, gobernuak haiei ere «barkatu» egin diela energia sortzeko zerga. Facuak «egiturazko neurriak» galdegin ditu, besteak beste, energien handizkako merkatuaren eredua aldatzeko, «espekulazioa eta konpainia batzuek bidegabeki jasotzen dituzten onurak amaitzeko». Eta zerga erreforma bat eskatu du, errenta altuenak dituztenek eta mozkin handienak dituzten enpresek beren gain har dezaten argindarraren BEZaren jaitsieragatik biltzen ez den dirua.
UGT sindikatua ere mintzatu da erabakiari buruz; bere ustez, «ez da nahikoa, eta motz geratzen da». Azpimarratu du elektrizitatearen merkatuak «erreforma sakona» behar duela, prezioen sistema «bidezkoago eta gardenago» bat ezartzeko.