Albistea entzun

Faktura berria, ohitura berrien bila

Herritarrek argindarraren erabilerarik intentsiboenak kontsumo handiko orduetatik at egitea bultzatzeko, eta sistema elektrikoa gehiago orekatzeko, aldaketa dator ekainaren 1etik aurrera.

Herritarrek euren kontsumo ohiturak ikusiko dituzte fakturan.
Herritarrek euren kontsumo ohiturak ikusiko dituzte fakturan. M.FERRER /EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa -

2021eko maiatzak 30

Herritarren kontsumo ohiturak aldatuko dituen argindar faktura berria asteartean, ekainaren lehenarekin, ezarriko da indarrean Hego Euskal Herrian eta Espainian. Moldaketaren helburua, CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordearen arabera, argindarraren kontsumo efizientea bultzatzea da; kontsumitzaileak esku hartze handiagoa izatea deskarbonizazioan, eta ordainketa gehiago lotzea kontsumo orduetara, kontsumo kopuruetara. Auto elektrikoak, autokontsumoa, bero metagailuak sustatzeko bide bat ere bada.

 

Zenbatekoa izango da aurrezpena?

Faktura berriarekin, CNMCren arabera, gaur egun ordu diskriminaziorik gabeko tarifa arautua duten kontsumitzaileek %3,4 gutxiago ordainduko dute, 200-300 euro gutxiago urtean, betiere kontsumorik handienak (garbigailua, sukaldea edota lisaburdina) ez badituzte batera erabiltzen eta kontsumorik handienak ordu merkeagoetan eta asteburuetan egiten badituzte. Aurrezpenik handiena, oro har, puntako orduetan ahalik eta kontsumo txikiena eginez etorriko zaio herritarrari.

Ohiturak egokitu gabe jarraitzen duenarentzat, igoera ez da izugarrizkoa izango, nahiz eta hor ikusi beharko den merkatu librekoen kontratuekin zer gertatzen den. Edonola ere, argindarraren erabiltzaileak neurtu beharko du zenbateraino zaion garestia aurrezten ez duena.

Ohiturarik aldatu gabe, faktura garestiagoa izango dute, hori bai, orain arte tarifa arautua eta ordu diskriminazioa zuten kontsumitzaileek, ordu merkeen tartea aldatu zaielako.

Zer aldatzen da?

Faktura guztiak aldatzen dira, baina etxebizitzetako argindarraren fakturan zentratuta, kontsumitzaile guztiak pasatuko dira argindarra prezio desberdinetan ordaintzera, ordu tarteen arabera, bai potentziagatik, bai kontsumitutako energiagatik. Orain arteko sei tarifa posibleak bakarrean bateratzen dira. Energiaren beraren kostua aparte utzita, bidesari eta karguak egokitu dira, eguneko tarte batzuk besteak baino merkeago egiteko.

Energia kontsumoarentzat hiru ordu tarte egongo dira: puntako orduak (garestienak), ordu lauak (prezio ertainekoak) eta haraneko orduak (garestienak baino %95 merkeagoak izan daitezkeenak). Asteburu eta jaiegunetan ordu guztiak izango dira haranekoak, hots, merkeenak.

Orain arte, orduen diskriminazioa hautazkoa zen, eta oro har, haraneko orduak (merkeenak) 22:00etatik 12:00etara artekoak ziren.

Potentziak

Bi potentzia kontratatzeko modua izango du bezeroak: potentzia bat puntako orduetarako eta ordu lauetarako, eta beste potentzia bat haraneko orduetarako, «askoz merkeagoa», CNMCren arabera. Horrela, adibidez, gauean zehar auto elektrikoa edo bero metagailu bat kargatzeko potentzia gehigarri bat behar duen bezeroak hori egin ahal izango du, eta gero potentzia txikiago bat izan dezake gainerako ordu garestiagoetan.

Erabiltzaileek, besterik adierazi ezean, orain arte kontratatutako potentziarekin jarraitu dute, baina potentziak aldatzeko aukera izango du urtean behin; hala ere, egokitzapena errazteko, hurrengo hamabi hilabeteetan doako bi potentzia aldaketa egin ahalko dira, betiere aldaketak ez badu teknikari baten desplazamendurik behar.

Zer aldatzen da paperean?

Fakturan bereizita agertuko dira bidesariak eta karguak. Horrez gain, kontsumitzaileak argindarraz egindako erabilerari buruzko informazioa jasoko du ordainagirian, bere kontsumo ohiturak ezagut ditzan.

Nori eragiten dio?

Aldaketak 15 kilowattetik beherako potentzia duten kontsumitzaile guztiei eragiten die. Aldaketa automatikoa izango da tarifa arautua duten kontsumitzaileentzat, hots, merkatu libretik at dauden erabiltzaileentzat, zeintzuek gobernuak ezarritako KTBP prezioa ordaintzen duten (Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa). Tarifa arautuan, ezin da kontratatu 10 kilowattetik gorako potentziarik. Tarifa arautua duen ala ez jakiteko, kontsumitzaileak azken fakturan begiratu dezake ea KTBP hori aipatzen den.

Eta merkatu librean egonez gero?

Merkatu librean daude kontsumitzaileen kontratuetan, merkaturatzaileak kontratuko prezioa egokitu egin beharko du fakturaren araututako zatian jazoko den aldaketa jasotzeko, baina berak erabakiko du egokitzapen hori nola egin, eta kontsumitzaileek eskaintza zenbait aztertu beharko dituzte. Edonola ere, konpainiak garaiz eta modu argi eta gardenean komunikatu behar ditu ordainagiriko aldaketak, eta argindar kontsumo ohiturak aldatuz gero aurreztu dezakeenaren berri eman bezeroari.

Bonu soziala

Deskontu hori izateko baldintzetako bat da tarifa arautuko kontratua izatea. Bonua jasotzen duten etxebizitzetan potentziak ezingo ditu 10 kilowattak gainditu, berdin dio zein ordu tartetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iberdrolaren Wikinger parke eolikoa, Alemaniako uretan. ©IBERDROLA

INDUSTRIA KRESAL HAIZETAN

Irune Lasa

Energia berriztagarriak behar dira, gero eta gehiago, ahalik eta gehien. Argindar 'garbia' lortzeko itxaropena itsasoko haize errotetan dago neurri handi batean, eta, bereziki, haize errota flotagarrietan. Eta hor dago euskal industria.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU
Bretainiako hainbat arrantzalek sorgailu eolikoen oinarriak jartzen dituen itsasontzia inguratu zuten maiatzean. ©BERRIA
Artxiboko irudian, laneko heriotza bat salatzeko elkarretaratzea Iruñean ©Inigo Uriz / Foku

Behargin bat hil da Bergaran

Irune Lasa

Markinako behargin bat hil da Bergarako Fagor Ederlanen lantokian «lan istripu ez traumatikoan», salatu du LAB sindikatuak. Beharginak 44 urte zituen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.