Argindarraren faktura %3 garestituko da Iparraldean, bigarren aldiz urtebetean

Dirua eguzki energiaren garapena finantzatzeko erabiliko dela azaldu du Baroin Frantziako Aurrekontu ministroak

Erredakzioa
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Argindarraren faktura garestituko zaie berriro Ipar Euskal Herriko biztanleei, urtarriletik aurrera. Argindarraren prezioa %3 igotzeko asmoa duela jakinarazi zuen atzo Frantziako Gobernuak, François Baroin Aurrekontu ministroaren bidez. Diru hori eguzki energia garatzeko baliatuko dela argudiatu du gobernuak.

Aurten iragarri den bigarren igoera da, gainera. Joan den abuztuaren 15ean tarifak beste %3 igo zitzaizkien bezero guztiei. Igoera hura 2003ko uztailetik egiten zen handiena zen, gainera. Guztira, sei hilabeteren buruan argindarra %6 baino gehiago garestituko zaie Iparraldeko eta Frantziako biztanleei. Azken 30 urteotako igoera handienetariko bat izango da, gobernuak iritziz aldatu ezean.

Energia berriztagarriak sustatzeko dirua behar dela argudiatu zuen Baroin ministroak, igoera justifikatzeko. Hain zuzen ere, eguzki energia sustatzeko tasaren barruan sartuko da igoera indarrean. Eguzkiaren energia baliatzeko egin diren inbertsioetako dirua berreskuratzeko zailtasunak ditu EDF energia konpainiak. Etxebizitzetan panel fotovoltaikoak paratzea diruz laguntzen du EDFk, eta hortik sortzen den argindarra erosten du. Alta, eguzki energiari esker sortzen den argindarra merkatuko prezioan baino garestiago erosi behar du EDFk, eta ez da aski inbertsioa orekatzeko.

Amandak, %36 gora

Argindarrarena ez da 2011. urterako aurrekontu proiektuan sartuko den igoera bakarra. Aurrerantzean, autoa gaizki aparkatuta uzteagatik ezartzen diren amandak %36 igotzea erabaki du Frantziako Gobernuak. Hasiera batean, isunen prezioa bikoizteko asmoa bazuten ere, ez da hainbeste izango. Baroin ministroak Europe1 irratian egindako elkarrizketan azaldutakoaren arabera, orain arte 11 euro bazen zigor ekonomikoa, heldu den urtean 15 euro kostatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.