Argindarra

Argindarraren garestitzeak ez du etenik

Inoiz baino garestiagoa izango da bihar argindarra Hego Euskal Herrian. Eguraldi beroak eta haize eskasak marka berriak ekar ditzakete.

Ziklo konbinatuko zentral bat, Asturiasen. ELOY ALONSO  / EFE
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 9a
17:56
Entzun

Olinpiar Jokoak amaitu dira, baina ez, ordea, markak egiteko garaia. Ez, behintzat, Iberiar penintsulako argindar sisteman. Gaur, batez beste, merkatu arautuan dauden hego euskal herritarrek inoizko argindarrik garestiena ordaindu zuten: 106,74 euro megawatt-ordua. Arazoa da errekor hori txiki geratuko dela bihar, 111,88 euro izango baita. Aste honetarako eguraldi iragarpena ikusita, oso litekeena da markak hor ez geratzea, bero zapak aire egokituaren kontsumoa handitu beharko lukeelako, eta haize eskasiak eolikoaren ekarpena txikitu.

OMIE Energiaren Merkatu Iberiarreko Operadorearen arabera, argindarra 21:00-23:00 artean izango da gaur garestien, 120 euro kostatuko baita megawatt-ordua. Merkeena, 102 euro, 17:00-18:00 artean izango da. Prezio horiek KTBP
kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioaren merkatu arautuan dauden herritarrentzat dira, hamarretik laurentzat. Fakturaren laurden bat da argindarraren kotizazioa, eta gainontzekoa gastu finkoak eta zergak dira.
Merkatu librean daudenei ez die zuzenean eragiten eguneroko kotizazioak, haiek tarifa finkoak hitzartuta baitituzte argindar konpainiekin; baina bai zeharka, erreferentzia baitira merkatu librerako.

Iazko abuztuko bigarren astearekin alderatuz gero, ia hiru aldiz garestiagoa izango da argindarra aurtengoan, 38,88 euroren kotizazioa izan baitzuen tarifa arautuak.

Uztailean, batez beste, 92 euroko kostua izan zuen megawatt-orduak, inoizko kopururik handiena. Eskaera handia ez da marka horren erantzulea, argindar kontsumoa %0,5 txikitu baitzen ekainarekin alderatuz gero. Arrazoi nagusia da gasa eta CO2 isurketa eskubideak asko garestitu direla azken hilabeteetan, baina kontsumitzaileen elkarte batzuek argindar konpainien trikimailuak salatu dituzte, hala nola energia iturri merkeagoak bere osotasunean ez erabiltzea.

Sistemaren aldaketa

Izan ere, argindarraren prezioa erabakitzeko sistema marjinalista erabiltzen da, hau da, elektrizitatea hornitzen duen azken zentralaren prezioa jasotzen dute beste guztiek, haien kostua edozein izanda ere. Horrek esan nahi azken asteetan, eolikoaren ekarpen txikiarekin, gas garestia erretzen duten ziklo konbinatuen prezioa jaso dutela guztiek. Sistema hori aldatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari.

Beste neurri batzuk ere hartu ditu Espainiako Gobernuak argindarraren faktura jaisteko, baina oraingoz ezarri den bakarra da BEZa %21etik %10era jaistea argindarra garesti dagoen bitartean.

Jaitsiera hori behin betikoa izateko eskatu dio Facua kontsumitzaileen elkarteak, baina baita argindarraren prezioa kalkulatzeko sistema aldatzea ere, oraingoak espekulazioa ahalbidetzen duela uste baitu. Gainera, nahi du estatuak zentral hidroelektrikoen kontrola berreskuratzea haien kontzesioa amaitzen denean, eta horiekin konpainia publiko bat sortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.