Tarifa arautua duten Hego Euskal Herriko bezeroek, hamar familiatik zortzik, %3,1 gehiago ordaindu beharko dute argindarra urritik aurrera. Gutxienez hiru hilabetean iraungo du gorakada horrek, hurrengo enkantea egin arte.
Argindarraren prezioa kalkulatzeko, bi osagai hartzen dira kontuan tarifa arautuan: argindar sistemaren kostuei dagokiena bata eta argindarraren beraren kostuei dagokiena bestea. Lehenak fakturaren erdia pasatxo osatzen du, eta bigarrenak, erdia baino zertxobait gutxiago. Sistemak eragiten dituen kostuak —garraioa, banaketa, berriztagarriei ematen zaizkien laguntzak...— gobernuak erabakitzen ditu, hiru hilean behin egiten dituen berrikuspenetan. Gobernuak esan du izoztuta mantenduko duela zati hori. Abuztuan izan zen azken berrikuspena, eta orduan %8 igo zituen tarifak.
Gaur goizean, berriz, argindarraren beraren kostuei dagokien enkantea egin da. Salerosketaren ondorioz, %7,6 garestiago geratu da, eta, fakturaren erdia baino pixka bat gutxiago baldintzatzen duenez, argindarra %3,1 garestituko dela kalkulatu du Espainiako Gobernuak.