Argindarraren prezioa jaitsi den arren, faktura garestitu egingo da Hegoaldean

BEZa igotzeak eta Auzitegi Gorenaren aginduek faktura zazpi euro garestituko dute batez beste

Erredakzioa
2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Urria iristearekin batera argindarraren prezioa %2,29 jaitsi den arren, Hego Euskal Herriko herritarrek orain baino gehiago ordaindu beharko dute. BEZaren igoera da arrazoietako bat—%18tik %21era igo da—; bestea, Espainiako Gobernuak aurretik egin ez eta orain ezarri beharko dituen hainbat igoera. Ceaccu elkartearen arabera, tarifa arautua duten kontsumitzaileek —herritar gehientsunek— 6,90 euro gehiago ordainduko dituzte batez beste urrian. Faktura 78 eurora helduko dela kalkulatu du Facua kontsumitzaileen elkarteak.

Prezioa %2,29 jaistearekin 1,65 euro aurreztuko lituzkete kontsumitzaileek, baina BEZaren igoerak 2,25 euro gehiago ordaintzea dakar, eta 6,30 euro gehiago bestelako igoerek. Facuak atzo emandako datuen arabera, urte hasieratik 3,9 euro garestitu da hilean faktura, eta azken hamar urteetan argindarra %82,1 igo da—35,15 euro hilean—.

Argindarraren prezioa kalkulatzeko, bi osagai hartzen dira kontuan tarifa arautuan: argindar sistemaren kostuei dagokiena bata eta argindarraren beraren kostuei dagokiena bestea. Sistemak eragiten dituen kostuak —garraioa, banaketa, berriztagarriei ematen zaizkien laguntzak...— gobernuak erabakitzen ditu, hiru hilean behin egiten dituen berrikuspenetan.

Uztailean jadanik %3,95 igo zuen argindarra gobernuak. Duela bi aste, gainera, sektorearentzat zerga gehiago iragarri zituen, hurrengo urtean ia 3.000 milioi euro aurrezteko asmoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.