Irailean hasi zen Arkemako langileen amesgaiztoa, Frantziako multinazionalak iragarri zienean lantegia itxi eta kalean geratuko zirela 59 langile. Gas fluorduna egiten dute eta, ELAren arabera, irabazi oparoak eman ditu lantegiak. «Deslokalizazio kasu argia da», argudiatu zuen eta protestak hasi zituzten. Zaramillotik Bilbora eta hortik Gasteizera eta Parisera eraman dituen borroka horri esker lehen erregulazio dosierra atzera bota zuen Arkemak, baina lantegia ixteko asmoa zuela berretsi zuen.
Hala gertatuko da, betiere hurrengo hilabeteotan eroslerik azaltzen ez bada. Izan ere, astelehenean sinatutako akordioaren aurrekoak atea zabalik uzten dio Zaramilloko lantegiaren iraupenari. Orain arte aukera horri uko egiten zion Arkemak, baina orain idatziz dio «fede onez» aztertuko dituela balizko eskaintzak. Enpresak, enpresa batzordeak, ELAk eta Eusko Jaurlaritzak batzorde bat sortuko dute "enpleguari eusteko ahalik eta urrats gehien" egiteko.
Hiru hilabeteko epea zabalduko da orain Arkeman. Eroslerik azalduko ez balitz, ekainaren 30ean kaleratzeak exekutatuko lituzke Arkemak.
ELAk eman du akordioaren berri eta zorionak eman dizkie Arkemako langileei: «Borrokatzeko erabakiak zein sufrimendu dakarren soilik langileek eta haien senideek dakite, baina ez dute inoiz etsi […] Haien borroka eredugarria da, eta erakusten du multinazionalek ere amore ematen dutela lanarekin eta familien sufrimenduarekin zintzoa den eredu sindikal batekin».
Astelehenean sinatutako akordioaren arabera, 2016ko abenduaren 31ko iraungitze data du Zaramilloko fabrikak. Hemendik ordura arte hamalau langile geratuko dira hor. 52 urtetik gorako hamasei langileek erretiro aurreratua hartu ahal izango dute, soldata gordinaren %70arekin. Beste langile batzuei lanpostuak eskainiko dizkiete Katalunian, Frantzian eta Italian. Eskaintzak onartzen dituztenei lan baldintzak mantenduko dizkiete eta hiru urtez laguntza jasoko dute etxebizitzarako. Gainontzeko langileak —guztira 55 geratzen dira Arkeman— kalera joango dira, baina ohi baino kalteordain handiagoarekin: 59 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, 48 hileko soldataren mugarekin.
Erakundeen aldetik jasotako tratua oso desberdina izan dela nabarmendu du ELAk: Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak «gatazka konpontzeko egin du lan», baina Ekonomiaren Garapenerako Sailak edo Bizkaiko Aldundiak «ez diete langileei babesik eman».