ARRANTZA. DENBORALDIAREN BALANTZEA. Azken hogei urteko txarrena

Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaleek 3.880 tona hegaluze harrapatu dituzte, iaz baino %34 gutxiago

jakes goikoetxea
Donostia
2009ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Baxurako ontzi gehienak portuetan amarratuta daude. Edota lehorrean, konponketak egiten. Otsailera arte. Negua gogorra izango da: beste urtebete egin dute antxoa harrapatu ezinik; ez dirudi hurrengo urteko udaberrian harrapatu ahal izango dutenik, eta, gainera, hegaluzearen arrantzaldia -arrantzaldi nagusia- txarra izan da. Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaleek 3.880 tona hegaluze harrapatu dituzte, iaz baino %34 gutxiago. Azken hogei urteetako kopururik txikiena da, Jaurlaritzako Arrantza Sailaren datuen arabera.

Arrantzaldia «makala» izan da Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidentearen esanetan. «Txarra», Iñaki Zabaleta Bizkaikoaren arabera. Arrantzatutako hegaluze kopuruaren jaitsiera %30ekoa izan da Gipuzkoan eta %43koa Bizkaian. Eta okerragoa izan zitekeen. Iraila arteko datuen arabera, jaitsiera %60koa zen. Irailean eta urrian hondamendia arintzea lortu dute.

Hala ere, aurtengo datuak iazkoekin alderatzeko orduan aintzat hartu behar da iazkoa ez zela urte ona izan. Iaz, ia sei mila tona hegaluze harrapatu zituzten, 2007an baino %25 gutxiago. Iazkoa azken bost urteetako arrantzaldirik txarrena izan zen.

Gainera, harrapatu duten hegaluzea urrun arrantzatu dute, gehiena Irlanda hegoaldean edo Atlantikoaren erdian. Elduaienek onartu du sekula joan gabeko lekuetara joan behar izan dutela hegaluzearen bila. Ez baita hegaluzerik sartu Bizkaiko Golkora.

Arrantzaleek ez dakite zergatik. «Sekula ez dut ikusi horrelakorik», nabarmendu du Zabaletak. Bizkaiko Golkora sartu ez den hegaluzea Atlantikoaren erdian aurkitu dute. Hiru eguneko bidaiak egin behar izan dituzte hara iristeko. Kostatik gertu arrantzan aritzen diren ontziek ez dute hegaluzerik harrapatu.

Sei eguneko joan-etorria egitera arriskatu direnei ondo atera zaie. «Hara joan aurretik ondo pentsatu behar da», zehaztu du Elduaienek. «Gastu handia da esku hutsik etortzeko».

Lau euro kiloa

Prezioa igo izanak, neurri batean, arindu egin du kopuruen jaitsiera, baina ez, inolaz ere, berdintzeraino. «Batzuk nola edo hala onik atera dira, baina beste batzuk ez», Zabaletaren arabera. Aurten, batez beste, lau euro ordaindu da Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek arrantzatutako hegaluze kiloa. Iaz baino ia euro bat gehiago. Gipuzkoako arrantzaleek harrapatutako hegaluze kiloaren batez besteko prezioa 4,19 eurokoa izan da (3,30 euro iaz); Bizkaikoena, berriz, 3,89 eurokoa.

Prezioa eskaintzaren araberakoa izaten da neurri handi batean. Zenbat eta hegaluze gehiago lehorreratu, prezio merkeagoa; eskaintza txikia bada, berriz, prezioak gora egiten du. Aurten krisiaren beldur ziren, krisiak prezioak apalduko zituela uste zuten, baina ez da hala gertatu. Eskaintzaren eta eskariaren arteko harremanak funtzionatzen du, baina ekuazio hori kalkulatzea zaila dela onartu du Elduaienek.

Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaleek harrapatzen dituzten hiru hegaluzetik bi freskoan kontsumitzeko izaten dira. Bestea kontserbarako. Bi merkatu dira, baina Elduaienek zehaztu du kontserbakoak -inportatutakoak- eragina duela fresko kontsumitzeko saltzen den hegaluzearen prezioan:«Udan, kontserbarako hegaluze asko sartzen bada, fresko kontsumitzeko saltzen denaren prezioa jaitsarazi egiten du. Freskoa erosten duen erosle handiak ez du hainbeste ordaintzen».

Aurten, esaterako, hegaluze kiloa sei edo zazpi euroan saltzen ari zirela, Irlandako hegaluze asko sartu zen, kontserbarako, kiloa euro batean. Horrek Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek harrapatutako hegaluzearen prezioa 2,5-3 eurora jaitsarazi zuen.

Hegalaburraren arrantzaldia, hegaluzearena ez bezala, ona izan da. Arrantza daitekeen kopurua mugatuta dagoen arren: aurten 750 tona. Hondarribiko (Gipuzkoa) arrantzaleek harrapatzen dute gehiena. Berez, uztailerako harrapa zezaketen zegokien kopuru guztia, baina kuota astez aste banatu dute, pixkana-pixkana harrapatuta eskaintza txikia delako eta horrela prezioei eusten zaielako. Lortu dute: aurten bost euro inguru ordaindu da kiloa, iazko 3,6 euroen aldean.

%40ko murrizketa

Hurrengo urtean ere antzeko zerbait egin beharko dute. Baina orduan harrapatu ahal izango duten hegalabur kopurua nabarmen murriztuko da, %40. Berez, 700 tona zegozkien 2010ean, baina ICCATek muga 450 tonara jaitsi du azaroan, Brasilen egindako bilera batean. ICCAT Atlantikoko Atunak Babesteko Nazioarteko Batzordea da.

«Hondamen hutsa da», dio Eugenio Elduaienek. Hurrengo urtean kuota handitzeko eskatu behar zuten, hegalaburraren egoera ona dela uste dutelako. Ona Ozeano Atlantikoaren iparraldean. Txarra Mediterraneo itsasoan. «Arazoa Mediterraneoan dagoela jakin arren, ez dute gaitasunik eduki han beharrezko neurriak hartzeko, eta murrizketa guztioi aplikatzen digute», salatu du Elduaienek. Saiatu dira beren kuotei eusten, baina ez dute lortu.

Hurrengo urtean murrizketa izango duen beste arraina berdela izango da. «Kuota jaitsi baino gehiago, bete egingo da», zehaztu du Elduaienek. Berdelaren arrantzaldiak garrantzia hartu du, ontzi batzuentzat antxoaren hutsa betetzeko aukera baita.

Iñaki Zabaletak eguneroko kuotak eskatu ditu, «aste guztikoaegun batean edo bitan harrapatuz gero, prezioak pikutara joaten direlako». Sarearekin harrapatzen duten Gipuzkoako ontziek, aldiz, asteroko kuota nahi dute.





############



Ez dute itxaropen handirik 2010ean antxoa harrapatu ahal izateko

Frantziaren babesa eskatu dute,Europako Batzordeak antxoa arrantzatzeko baimena emateko
J. Goikoetxea. Donostia

Europako Batasuneko arrantza ministroek abenduan erabakiko dute hurrengo urteko lehen erdian antxoa harrapatzeko debekuari eutsi edo ez. Arrantza baimentzeko eskatu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, Aztik udazkenean egindako neurketan oinarrituta.

Aztiren Juvena neurketaren arabera, azken urteetako antxoakume gehien dago Bizkaiko Golkoan. Aurreko urteetako joera jarraituz gero, udaberrian 10.000 tona arrantzatu ahal izateko moduan. Baina ICESek, Europako Batzordeak erreferentzia gisa hartzen duen erakundeak, debekuari eusteko gomendatu du.

«Ez dugu debekua bertan behera geratzeko itxaropenik», esan du Eugenio Elduaienek, Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak. «Erabaki politikoa da aukera bakarra». Hau da, ICESen gomendioari muzin egin eta arrantza baimentzea.

Frantziak ere eskatuz gero, lortuko dela uste du. Baina Frantziako arrantzaleei urteko lehen erdian antxoa harrapatu ahal izateak ez die aldaketa handia eragiten. Ia ziurra da 2010eko bigarren erdian antxoa harrapatu ahal izango dela, eta Frantziako itsasontziek batez ere orduan harrapatzen dute antxoa, ekainean hasten diren arren.

Iñaki Zabaleta Bizkaiko Kofradien Federazioko presidentea baikorragoa da. Hurrengo urteko lehen erdian antxoa harrapatzeko aukerak badaudela uste du.





############



Kuoten sistemaren aldaketa eskatu du Martin Fragueirok

Gehienezko mugen eta kuoten sistemak ez du balio arrantza motak arautzeko eta ordenatzeko; aldatu egin behar da. Horixe eskatu zuen Juan Carlos Martin Fragueiro Espainiako Itsas idazkari nagusiak, atzo, Bilbon. Martin Fragueiroren iritziz, iraganean erabilgarria izan zen, baina arrantza kuoten murrizketaren ostean, sistema errealitatetik urrun dago.

Arrantzako Liburu Berdearen inguruan izan beharreko jarreraz hitz egin zuten Bilbon. Europako Batasuneko arrantza politikaren aldaketa jasoko du Liburu Berdeak.

Martin Fragueiroren esanetan, gaur egun gehiegi arrantzatzen da; ontzi gehiegi daude, eta sektorea eta harrapaketak ahulak dira. Hori ikusita, uste du orekatu egin behar direla ontzien kudeaketa eta itsas baliabideen iraunkortasuna.

Ideia hori babestu zuen Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuak ere: «Sektoreak lehiakorra eta errentagarria izan behar du, baina baita iraunkorra ere, gizartearen eta ingurumenaren ikuspuntutik».





############











############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.