Asteazkenean Santanderren iritsitako akordioa ezerezean gelditu zen atzo Bilbon. Erkidegoen ordezkari gisa Europara Espainiako delegazioan joango den Galiziako Arrantza kontseilariak ezingo du Kantauriko erkidegoen jarrera bateraturik defenditu.
Datorren asteko Europako Arrantza Kontseiluan, Kantauriko erkidegoak antxoaren harrapaketak behin-behinean 30.000 tonatik 20.000 jaisteko prest agertzea proposatu zuen Jaurlaritzak Santandergo bileran, Europako Batzordearen asmoei harrapaketak %85 murriztea aurre egin ahal izateko. Bilera hartan, Galizia, Asturias eta Kantabriako Arrantza zuzendariek onartu zuten Jaurlaritzaren proposamena, baina, atzo Bilbon, Galizia eta Kantabriako kontseilariek Asturiaskoa ez zen bileran egon ez zuten bat egin proposamenarekin. Kuotak dauden moduan mantendu nahi dituzte beste urte batean.Europako Arrantza Ministroen Kontseiluan izango den Galiziako Arrantza kontseilariak, Enrique Lopez Veigak, erkidego bakoitzaren jarrera «zehatz-mehatz» azaltzeko konpromisoa agertu zuen atzo. Gipuzkoako arrantzale kofradietako presidente Jaime Tejedorrek, berriz, Europako bileran erkidegoen ordezkari Gonzalo Saenz de Samaniego Jaurlaritzako izatea eskatu du, «antxoa gehien harrapatzen duen flota bertakoa delako». Jaurlaritzak proposatutako harrapaketen murrizketarekin ados agertu da Tejedor: «Antxoa oso gaizki dago eta ezin da eskatu arrantzatu ezin daitekeena».
Ontzi berria itsasoan
Bestalde, euskal arrantza flota berritzen ari den erakusgarri, atzo uretaratu zuten Hondarribiako Olaziregi ontziolan Gure Itxas Begi arrantzontzia. Bermeoko bi armadoreren enkarguz egina, beira zuntzez indartutako poliesterraz eraiki dute ontzi guztia. 21 metroko zabalera eta sei metroko zabalerarekin, berdel eta hegaluzearen kazako arrantzan jardungo da.
ARRANTZA. Galiziak ez du Lakuaren jarrera defendatuko EBn
Jaurlaritza prest zegoen antxoa harrapaketak 20.000 tonara murrizteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu