ARRANTZA. KALITATEA ETA MERKATURATZEA. Ordainik gabeko kalitatea

Arrantzaleek hegaluzearen eta hegalaburraren kalitatearen aldeko apustua egin dute, baina ez du eraginik prezioetan

jakes goikoetxea
2008ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Itsasontzi gehienak berritu egin dira. Arrantzaleek harrapatutako hegalaburra eta hegaluzea gero eta hobeto tratatzen dute, eta gero eta kalitate hobeagoarekin iristen da enkanteetara eta arrandegietara. Hegalaburraren eta hegaluzearen kalitatea eta jatorria bermatzen duten labelak ere badaude. Baina kalitate horrek ez du eraginik prezioan. Pixkana-pixkana, ordea, Eusko Jaurlaritza eta kofradiak bideak zabaltzen ari dira kalitate horrek prezioan eragina izateko eta arraina eraldatuz balio gehiago emateko.

Horren adibide da Hondarribiko kofradiak eta Irungo La Bacaladera enpresak (Gipuzkoa) hegaluzea, hegalaburra eta berdela eraldatzeko eta saltzeko sortu duten enpresa. Edo Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren, Azti-Tecnaliaren, Bermeoko kofradiaren eta Eroskiren arteko hitzarmena, hegaluzea hobeto arrantzatzeko, kalitatea bermatzeko eta garestixeago saldu ahal izateko. Edo Bermeoko, Lekeitioko eta Ondarroako kofradiek eta Ortiz kontserba enpresak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, berdela tratatzeko izango dituzten bi plantak.

Baina errealitatea gordina da. Hondarribiko kofradiak eta La Bacaladerak sortuko duten enpresak eta Eroskik kalitate goreneko hegaluzea nahi dute eta ohi baino gehiago ordainduko dute. Hegaluze hori eta gainerakoa modu berean arrantzatzen eta tratatzen dute, baina gainerako hegaluze horren kalitateak ez du pareko prezioa bermatzen.

Labelak

Ezta Eusko Labelak ere. Hegaluzea eta hegalaburra berdin-berdin saltzen dira Eusko Labelen etiketa eduki edo ez. «Hori da daukagun arazoa», dio Iñaki Isasi Kalitatea Fundazioko zuzendari nagusiak. «Goi mailako elikagaiak dira, hala etiketatzen ditugu, baina gero arrain merkatuan saltzerakoan hori ez da nabaritzen».

Kalitatea Fundazioak iaz Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek harrapatutako hegalabur guztiei (Europako Batasunak derrigortuta) eta hegaluzeen %46ri jarri zien kalitatea bermatzen duen Eusko Labela. Ez hegaluzeen gainerako, %54 kalitate okerragokoa zelako, baizik eta baliabide edo denbora faltagatik ezin izan zutelako.

Iñaki Zabaleta Bizkaiko Kofradien Elkarteko lehendakariak argi dauka kalitatea dela arrantzaren etorkizuna, kantitatearen garaiak pasa direla. «Itsasoari ezin diogu kendu kentzen dioguna baino gehiago», dio. «Ikusi dugu antxoarekin zer gertatu den, hori ez da bidea. Arrantzale guztiok kontzientziatu behar dugu, edo urte gutxi batzuk barru ez da ezer egongo».

Kalitatea bermatzeko ontzijabeek hainbat inbertsio egin dituzte itsasontzietan, Eusko Jaurlaritzak lagunduta: arrainak kolpe gutxiago hartzeko eta lehenbailehen hoztera eramateko uhalak, izotz makinak...

«Baina hori guztia egin, kalitate oneko arraina harrapatu, kofradiara iritsi eta kiloko bi euro edo gutxiago ordaintzen badizkizute, zer?», galdetu du Jose Maria Salvador Irungo La Bacaladera enpresako zuzendari gerenteak. Arrantzaleek, arraina saltzeaz gain, eraldatze prozesuetan parte hartu behar dutela dio: «Eraldatze prozesu guztiek balio gehigarria eta irabazia sortzen dute, eta arrantzaleek ere jaso behar dute».

Inbertsioak merezi al du? «Prezioak ikusita, ez; baina arrainaren kalitatea ikusita eta etorkizunera begira, bai», erantzun du Iñaki Zabaletak. «Hozte sistemek arraina hobea dela eta gehiago iraungo duela ziurtatzen dute. Arraina gogorragoa eta garbiagoa da horrela». Zenbait kasutan Euskal Herriko arrantzaleek bertakoak baino prezio «hobexeagoak» lortu dituzte atzerrian, arrainaren kalitateagatik.

Kalitateari lotuta, Zabaletak eskaera bat egin du, bai arrantzaleentzat, bai erosleentzat: Kantauriko hegaluzea beste batzuetatik bereiztuko duen marka. Kantauriko Hegaluzea marka sortzeko eta bultzatzeko lanean ari dira kofradiak eta Jaurlaritza.





############



Eroskik Bermeoko hegaluzea salduko du 74 saltokitan

Aurten Bermeoko hamalau ontzik arrantzatutako kalitate goreneko hegaluzea eskainiko du
J.G. Donostia

Bermeoko zenbait itsasontzik (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak, Aztik eta Eroskik 2006an egin zuten probako programa, itsasontzietan hegaluzea hobeto tratatzeko sistema berri bat probatzeko eta gero merkaturatzeko. Iaz elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten eta aurten berritu egin dute. Bermeoko 14 itsasontzik parte hartuko dute aurten eta ontzi horiek harrapatutako kalitate goreneko hegaluzea Eroskiren Bizkaiko 74 saltokitan bakarrik salduko dute. Eroskik ohikoa baino gehiago ordainduko du hegaluze hori. Bermeoko hegaluzea beste hegaluze batzuetatik bereizteko Bermeoko hegaluzea etiketa sortu dute.

Hitzarmena ez da salmentara mugatzen. Hegaluzeak banan-banan harrapatzeko sistema tradizionalari eusteaz gain, arrantzaleek hegaluze horiei tratamendu berezia emateko prozesu bat hasi zuten, bai harrapatzeko unean eta baita harrapatu ostean ere: hegaluzea ontzira igotzeko kakorik ez erabiltzea; ontziaren bizkarretik lehenbailehen erretiratzea; biltegietan izotzetan jarri aurretik uretan eta izotzetan hozten jartzea; eta biltegietan banan-banan jartzea, hegaluzeak pilatzea eta mailatzea saihesteko. Helburua harrapatutako hegaluzearen kalitatea hobetzea da, kalteak gutxituz eta bere bizitza komertziala luzatuz.

Eroskiren datuen arabera, bezeroen %71 prest daude gehiago ordaintzeko, kalitate hobea duten produktuengatik.

Berdela tratatzeko plantak

Berdelari balio gehiago emateko asmoz Bermeoko, Lekeitioko eta Ondarroako kofradiek eta Ortiz kontserba enpresak berdela eraldatzeko bi planta izango dituzte. Alde batetik, Bermeoko portuko izozte planta moldatu egingo dute eta, bestetik, planta berri bat egingo dute urte amaierarako. Planta horietan berdelari arrautzak aterako dizkiote aurrena. Gero azala eta hezurrak kendu eta berdela xerratuta salduko dute, freskoan edo izoztuta. Agian hegaluzea eta hegalaburra ere landuko dituzte.





############



Hondarribiko kofradia, saltzailea baino gehiago

Enpresa bat sortu duLa Bacaladerarekin hegaluzea, hegalaburra eta berdela eraldatueta merkaturatzeko
J. Goikoetxea Irun

Hondarribiko kofradiaren eta Irungo (Gipuzkoa) La Bacaladera enpresaren arteko elkarlana duela bost urte inguru hasi zen, Hondarribiko arrantzaleek harrapatutako hegalaburra Japoniara baldintza egokietan hegazkinez esportatzeko.

Duela bost urte hasitako elkarlana iaz sendotzen hasi zen, eta aurten ageriko emaitza izango du: Hondarribiko kofradiak eta La Bacaladerak enpresa bat sortuko dute erdibana, arraina eraldatu eta merkaturatzeko. Azti-Tecnaliak aholkularitza eskaintzen die.

«Kofradiak etorkizunean ezin dira izan soilik arraina enkantean jartzen duten erakundeak», Jose Maria Salvador La Bacaladerako zuzendari gerentearen iritziz. «Zerbait gehiago egin behar dute». Alegia, arrainaren eraldatzean eta merkaturatzean parte hartu, eta horren etekinen zati bat jaso behar dute.

Kalitate oneneko hegaluzeak eta hegalaburrak erosiko dituzte. Arraina enkantetik pasatuko da, baina enpresak eta kofradiak gehiago ordaintzea hitzartu dute. Ez dute zehaztu zenbat gehiago. Igoera «garrantzitsua», baina gero komertzialki lehiakorra izateko moduan.

Oraingoz, 400 tona hegaluze eraldatuko dituzte, baina etorkizunean gehiagorekin lan egitea da asmoa. Hasieran osorik salduko dituzte, eta abuztua amaitu baino lehen baita zatituta eta ontziratuta ere, azalik eta hezurrik gabe, saltoki handietan: solomoak, mendrezkak, isatseko xerrak eta ebakiak (ostalaritzarako). Osorik salduko dituztenetako batzuk Carrefourrek salduko ditu. Carrefourrek marka propio bat sortu du horretarako: Hondarribiko San Pedro kofradiako hegalaburra, Carrefour hautaketa.

Proiektuaren barruan izozte sistema berezi bat ere aurreikusi dute, hegaluzea eta hegalaburra sasoitik kanpo ere saldu ahal izateko, desizoztuta. «Sistema horren bitartez, produktuaren kalitatea harrapatu berriaren oso antzekoa da», zehaztu du Salvadorrek.

Hondarribiko kofradiak eta La Bacaladerak bi milioi euroko inbertsioa egingo dute. Irungo enpresan eraldatuko dute arraina.

Berdelarekin ere lan egingo dute, berdela izoztuz eta esportatuz. «Berdela oso kalitate handiko produktua da, eta ustiaketa merkatu oso indartsua du», Salvadorren esanetan.





############





Eusko Labeleko kalitate irizpideak

GUTXIENEKO NEURRIAK

Hegaluzea (Tunnus alalunga): Lau kilo.

Hegalaburra (Tunnus thynnus): Zortzi kilo.

ESTRA MAILA EDO KATEGORIA *

Azala: Distiratsua, irisatua, ondo definitutako koloreak.

Begiak: Begi globoa apur bat konbexua. Kornea argia, irisatua eta barren distiratsua.

Zakatzak: Gorri-odol kolorekoak, distiratsuak. Usain freskoa, itsasokoa, metalikoa, neutroa, suabea. Muki gardena, esne itxurakoa, gorrixka.

Tinkotasuna: Berez, orokorrean sendoa eta oso elastikoa. Azal leuna.

A MAILA EDO KATEGORIA *

Azala: Distiratsu samarra. Definitutako koloreak. Gris koloreko guneak bizkar gainean.

Begiak: Begi globoa sakon samarra. Kornea apur bat irisatua, ez oso gardena, tonu ilunagoekin. Begi ninia grisaxka, berde koloreko tonuekin.

Zakatzak: Gorri ilun kolorekoak, granateak. Distira falta. Usain neutroa, belar usaina, lizun samarra. Muki gorrixka, ez oso lodia.

Tinkotasuna: Sendoa eta elastikoa. Azal leunekoa.



* Irizpide horiek bai hegaluzeari eta bai hegalaburrari aplikatzen zaizkie.





############



Arraina hoztea, kalitatea bermatzeko funtsezkoa

Azti-Tecnaliak 2004 eta 2005 urteetan Bermeoko itsasontzietan egin zuen ikerketa baten arabera, hegaluzea arrantzatu eta hozkailuetan sartu aurretik hozteak haren kalitatea hobetzen du eta iraunkortasuna luzatu. Azti-Tecnaliak ondorioztatu zuen aurrez hoztea funtsezkoa zela. Zuzenean hozkailura sartuta hegaluzeak egun bat behar du 0 gradura iristeko; aurrez hozteko sistemekin, berriz, lau eta sei ordu artean. Horretarako, itsasontzi batzuetan hegaluzeak hozkailuan sartu aurretik izotzetan eta uretan sartzen dituzte, bi edo lau gradu izan arte. Hozkailuan zero azpitik gradu erdian edo gradu batean edukitzen dituzte, hotz eta gogor, baina izoztu gabe.





############



Kofradiak ezin dira izan soilik arraina enkantean jartzen duten erakundeak»

JOSE MARIA SALVADOR
La Bacaladerako zuzendari gerentea



############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.