«Merkatuko erronka berriei behar den moduan heltzeko eta ekoizpen gaitasuna indartzeko», hogei milioi euroko inbertsioa egiten ari da Fagor Arrasatek bere egoitza nagusian, Arrasaten bertan (Gipuzkoa).
Lantegia handitzeko obrak abian dira jada, eta, aldi berean, gainerako guneak optimizatzeko eta berrantolatzeko lanak ere bai. Guztira 6.000 metro koadro izango ditu eraikin berriak, lehen aparkaleku moduan erabiltzen zen tokia hartuta, eta lotuta egongo da egungo lantegiarekin.
Azpiegitura berriak egitura handien mekanizazio unitate bat hartu ahalko du. 30 metrorainoko mahaiak izango dituzten mandrinatzeko eta fresatzeko makinak jarriko dituzte —makinek zazpi metro garai izango diren zutabe mugikorrak ere edukiko dituzte—, zeinak gai izango diren 200 tonarainoko piezak mekanizatzeko. Fagor Arrasateren ustez, «kalitate estandarrak hobetzeaz gain, energia kontsumoa eta karbono isuriak murriztea» lortuko dute.
Eraikin berriaren bitartez, Arrasaten zentralizatu ahal izango da mekanizazio astuneko jarduera, zeina estrategikoa baita ekoizpen prozesuan. Kooperatibak azaldu duenez, «horrek ekoizpeneko fase garrantzitsu bat indartuko du, eta hobetu egingo ditu prozesuaren efizientzia eta iraunkortasuna».
Izan ere, kooperatibak Arrasateko lantegian egin ahal izango dituenez ekoizpen prozesuko fase guztiak, pisu handiko osagaiak ez dituzte beste leku batzuetara eraman beharko mekanizaziorako. Hori dela eta, ekoizpen denbora hobetuko da, kostuak gutxitu eta ingurumen inpaktua apaldu.
Makina handiak
Negozioari begira, Fagor Arrasatek uste du «makina handiagoak eta hobeak —munduko handienak— ekoiztea» lagungarri izango zaiela produktu eta jarduera berrietara zabaltzeko dibertsifikazio estrategiaren barruan.
Fagor taldeko zortzi kooperatibetako bat izanda, Fagor Arrasate liderra da altzairuaren, aluminioaren eta altzairu herdoilgaitzaren konformazioan neurriko soluzioak diseinatzen eta fabrikatzen, bai eta prentsa eta estanpazio sistemak, bobina metalikoak ebakitzeko eta prozesatzeko lineak, eta pieza metaliko konplexuak fabrikatzeko sistema osoak ere.
Fagor Arrasateren arabera, hogei milioi eurotik gorako inbertsioa egiteak berretsi egiten du kooperatibak «Arrasateko egoitza nagusitik bertatik hazteko eta berritzeko duen konpromisoa; egun erabiltzen ez diren sail industrialak erabilita, balio erantsi handiko proiektuak garatuko ditu, eta lanpostu kualifikatuak sortu».